Itxi

telebista

Ibilbide gastronomikoak

Artaxoatik osteratxoa, gaur, 'Historias a Bocados' saioan

EITB

Nafarroako erdialdean dagoen udalerria bisitatuko du Ander Gonzalezek, bertako bizilagunen istorioak entzun eta errezetak dastatzeko prest, 20:15etik aurrera.

Euskal Telebistako 'Historias a Bocados' saioak Artaxoara osteratxoa egingo du gaur. Nafarroako erdialdean dagoen udalerria bisitatuko du Ander Gonzalez aurkezle eta sukaldariak, bertako bizilagunen istorioak eta errezetak ezagutzeko prest.

Goi Erdi Aroan bizi izandako oparotasunaren adierazle da, egun ospatzen duten Erdi Aroko jai ospetsua. Antzezleku bikaina bilakatzen da Artaxoako harresi ikusgarria. Erdi Aroan, eraso barbaroei aurre egiteko sortutako Zerkoa edo harresi multzoa da gaur egungo Artaxoako monumenturik esanguratsuena. Erdi Aroko azokan parte hartzen dute Jesusek eta Lourdesek. Anderri gogotsu erakutsiko diote herria eta bertako ohiturak. Bitartean, ez dira faltako zaldi erakustaldiak, eta Erdi Aroko kirol jarduerak, tartean, estafermo eta uztai jokoak.

Mariviren eskutik antzinako sukaldaritza ezagutuko dute ikus-entzuleek. Garai baten, Artaxoako bizilagunek ze nolako jakiak prestatzen zituzten erakutsiko du; horretarako frutekin egindako oilaskoa prestatuko du.

Laia lasterketaren berri ere izango du Ander Gonzalezek. Lanerako lanabesa zena, egun aisialdiko kirolerako erabiltzen da. Artaxoan, San Saturnino jaietan, 1992tik jokatzen da laia lasterketa. Kikinek azalduko dio hau guzti hau sukaldariari; eta Anderrek bereak eta bi ikusiko ditu laiekin trikimakoan aritzeko. Baina bere ahaleginak sari berezia izango du, urdaiazpiko ederra, alegia.

Ondoren Mercherekin berba egiteko parada izango dute 'Historias a Bocados' saioan. El Cerco jatetxearen ugazabandrea eta sukaldaria da bera. Izaera handiko emakumeak Artaxoa eta inguruetako gastronomia ondo baino hobeto ezagutzen du. Zainzuri ederrak eskainiko dizkio Ander Gonzalez aurkezleari eta barazki-panaxea ere dastatzera emango dio.

Bestalde, txerriak protagonismo berezia izango du gaurko atalean. Urtarrileko hirugarren igandean, San Anton dela eta, txerriaren zozketa egiten dute. Miguelek eta Eulaliak zozketaren nondik norako guztiak azalduko dituzte. Txerriak herriko kaleak zeharkatzen ditu, eta saria txerria bera edo produktuz betetako otzara izan daiteke. Gainera, Miguelekin batera San Saturnino eliza-gotorlekua bisitatuko du. Bertako teilatu arras berezia da; euri ura teilatuan bertan dagoen hustubide batera bideratzen da, azpian dagoen ur-biltegi batetaraino. Garai baten, kanpoko etsairen batek hiria setiatuz gero, bizirauteko ezinbestekoa zen gordetako ur hori.

Baina gorago igotzeko aukera izango du Anderrek Benitoren eskutik, elizak duen kanpandorre ikusgarria erakutsiko baitio. Bertako ezkilek modu berezian jotzen dute, eta Benitok zergatia azalduko du.