Itxi

telebista

23:45ean

'Brexit. La batalla por el Reino Unido' dokumentala, gaur gauean, ETB2n

EITB

BBCko politika arduradunak Erresuma Batuak Europar Batasunetik kanpo egotearen alde hartutako erabakiaren arrazoiak eta eragindako iraultza politikoa azalduko ditu, hauteskunde orokorren bezperan.

Duela urtebete, 2016ko ekainaren 26an, lurrikara politiko batek astindu zuen Erresuma Batua, Brexitak irabazi zuenean. Gaur gauean, Laura Kuenssberg BBCko politika arduradunak erreferendumaren emaitzak ulertzeko gakoak emango ditu Brexit. La batalla por el Reino Unido dokumentalean, ETB2n. Halaber, herrialdeak bizi izan zuen iraultza politikoaren nondik norakoak eta erabaki horrek izango dituen ondorioak azalduko ditu.

Izan ere, erreferendumaren emaitza jakin zenean, David Cameron lehen ministroak dimisioa aurkeztu zuen, libera esterlinaren balioa erori zen eta Westminsterreko Parlamentua kolokan geratu zen. Gertaera horiek guztiek hainbat ondorio ekarri dituzte, tartean, hauteskundeen aurrerapena. Ostegun honetan (ekainak 8) egingo dira, hain justu.

Hainbat politikarirekin eta Europan jarraitzearen aldeko eta kontrako kanpainak diseinatu zituztenekin hitz egingo du Kuenssbergek. Gainera, David Cameronen hasierako estrategia politikoak bere kontra nola egin zuen aztertuko du. Berebat, jarraipenaren aldeko kanpainaren porrotaren eta Brexitaren aldekoen arrakastaren gakoak emango ditu.

BBCko politika arduradunaren esanetan, azken urteetako gertaera politiko susmagaitz eta interesgarriena izan da, britainiar estilora egindako estatu-kolpea, hain zuzen ere.

Brexit. La batalla por el Reino Unido gaur izango da ikusgai, 23:45ean, ETB2n.