Itxi

telebista

22:30ean

'Trump, mentiras y posverdad', gaur gauean, 'Equipo de Redacción' saioan

A.E. | EiTB

Egiaren bila abiatuko da lantaldea aste honetan.

Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak egunean lau gezur esaten omen ditu. Postegia deritzonaren adierazle handiena bihurtu da. Informazioan itota bizi garen gizarte honetan, egiaren bila abiatuko da 'Equipo de Redacción' saioko lantaldea gaur gauean, 22:30ean.

"Mila aldiz esandako gezurra egia bihurtzen da", esaten zuen Göbbels naziak. Ordutik gaurdaino, erruz hedatu dira informazio ez zehatzak eta faltsuak. Hartara, ETB2ko saioan, Trumpen eta Brexitaren mezuak eta errefuxiatuen inguruan esaten den guztia zenbaterainoko egia den aztertuko dute Iñigo Arbiol kazetariarekin.

Gezur asmatzaile asko dago, gezur horiek sarean zabaltzeko asmoz, helburu ezberdinekin: webgunean bisita gehiago lortu, iritzi publikoarengan eragina izan, eta etekin politikoak eta ekonomikoak izatea, besteak beste. Nortzuk dira? Nola lortzen dute? Benetako informazioak eta gezurrezkoak topa daitezke sarean, nahasita. Antzematen al dugu euskaldunok bata eta bestea zein den? Hainbat herritarri proba hori jarriko diete kalean, webean agertu diren lerroburuak erakutsiz.

Argazkiaren eta musikaren alorretan, halaber, teknologia berriak erabiltzen dira errealitatea aldatzeko. Stalinen garaitik hona, irudiak aldatu dituzte. Modako aldizkarien azaletan egin ohi da, eta abeslari askok ahotsa hobetzeko tresnak erabiltzen dituzte. Non daude mugak? Irudi eta soinuaren sekretu profesionalak ezagutaraziko dituzte Joan Crisol argazkilariak eta Joxe Mendizabal musikariak, besteak beste.

Sare sozialen bidez informazioa erraz zabaltzen da, baina ez dira beti asmo onez erabiltzen: nahasketak, gezurrak, boikot kanpainak, gezurrezko heriotzak... Sareko gezurrak azalaraziko dituzte, eta abantaila eta desabantailen inguruan eztabaidatuko dute. Kasurik larrienetan, ele gaiztoen biktimak epaitegietara jo behar izaten dute. Hain justu, horixe gertatu zitzaion Cristina Juesas nafarrari. Guardia Zibilaren foro bateko jarraitzaileek jazarri egin zuten txio batengatik.

"Equipo de Redacción" saioan kontatuko du berari gertatutakoa, gaur, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.

us-en.