Itxi

prentsa oharrak

Tourra EITBn

ETBk zuzenean eskainiko du Tourra eta atariko aurkezpena ostegunean

A.E.

EITB

EITBko hedabideek larunbatean abian jarriko den lasterketaren jarraipen zabala eta zehatza egingo dute. Halaber, txirrindularitza profesionalari buruzko munduko datu baserik onena, eitb.com-en.

Aurtengo Tourra datorren larunbatean hasiko da eta EITBko hedabideek jarraipen zabala egingo diote lasterketari, baina atariko gisa bihar arratsaldean Holandako Rótterdam herrian talde ezberdinen aurkezpena eskainiko da 18:10ean ETB-1en.

Xabier Usabiagak eta Aitor Osak EITBko estudioetatik egingo dute taldeen aurkezpena eta eurek egingo dute egunero etaparen kontakizuna. Halaber ETBk Fermin Aramendi kazetaria du igorri berezi lasterketan. Berak egingo ditu egunero kronikak eta elkarrizketak albistegi eta kirol tarteetarako.

Eguerdi inguruan izango dira eguneroko konexioak, baina larunbatean, hasierako etapa Rotterdam-Bruselas arratsaldean emango da 18:50ean. Igandean, berriz, goizean ere zuzenean eskainiko dute lasterketa 11:50ean egingo dute lehen konexioa, ondoren estropadei egingo diete tarte eta amaitzerakoan berriro txirrindulari lasterketa izango da zuzenean amaiera arte; ''Gaur Egun'' laburra eskaintzeko egingo dute eten bakarra. Halaber, mendiko etapak garrantzitsuenei ere tarte zabalagoa egingo zaie eta aurreratu egingo da konexioa.

Pirinioak erabakiorrak izango dira aurtengo edizioan. Etaparik gogorrenak bertan jokatuko dira. Aurten 100 urte betetzen dira lasterketa Pirineotako errepideetatik pasatzen dela. Bitan igo beharko dute Tourmalet txirrindulariek. Orotara, 3.596 kilometro egingo ditu tropelak 20 egunetan eta bi jardunaldi izango dituzte atseden hartzeko uztailaren 25ean Parisera iritsi aurretik. 23 mendate igo beharko dituzte iaz baino hiru gehiago. Horietatik bostetan helmuga egongo da. Mendiaren garrantzia berebizikoa, beraz, aurten.

Tourra Radio Euskadin eta Euskadi Irratian

Euskadi Irratiak eta Radio Euskadik ere tarte zabala eskainiko diote egunero Tourrari. Goizeko kronika eta etaparen atarikoa eskainiko du Radio Euskadik ''Kilómetro Cero'' tartean eta arratsaldean etaparen zuzeneko emanaldia ''Sprint final'' irratsaioan. Dani Egaña izango dute lasterketa jarraitzen Radio Euskadikoek.

Euskadi Irratian, berriz, Tourrari eskainitako tartea Joxe Mari Apaolazak zuzenduko du. Txomin Perurenaren ikuspegi teknikoa ere izango dute. 16:00ean hasiko dute emanaldia amaierara arte.

Txirrindularitza profesionalari buruzko munduko datu baserik onena, eitb.com-en

Eitb.com-en Tourrari buruzko tartea badago aurten ere. Lasterketa online, minutuz minutu, lehiaketa, bideoak, sailkapenak, perfilak eta jakingarri guztiak dira bertan. Halaber eitb.com-ek txirrindularitza zaleen eskura jarri du txirrindularitza profesionalari buruzko datu baserik onena, bilatzaile sendo batekin. Erabiltzaileek esku-eskura izango dituzte txirrindulari, talde, itzuli eta klasiken inguruko datu guztiak.

Datu base hau Xabier Usabiaga txirrindulari ohia eta kazetariak kudeatuko du. Era erraz eta eraginkorrean berehala datuak eskaintzeko aukera ematen du.

Txirrindularien fitxak, euren palmaresa, taldeen datuak, itzulietako sailkapenak eta podiumak eta noski, Frantziako Tourraren, Italiako Giroaren eta Espainiako Vueltaren datuetan murgiltzeko aukera emango du eitb.com-ek abian jarri duen bilatzaileak.

1985eko Giroaren irabazlea gogoratzea, 1992ko Urkiolako Igoeraren podiuma ikustea, Miguel Indurainen palmares osoa ezagutzea, KAS talde mitikoaren kideen berri izatea edota Contadorren eta Armstrongen erlojupekoak alderatzea... Hau guzti hau egiteko aukera eskaintzen du eitb.com-eko datu baseak.

Dena, klik bakar batekin, egunero-egunero eguneratuko den atarian, azken emaitzekin eta aldaketekin