telebista
ETB1n
Euskal Herria Donostian Kantari, gaur gauean, 'Oholtzan' saioan
A.A. | EiTB
Irailaren 3an Trinitate plazan grabatutako ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute ikus-entzuleek.
Joan den irailaren 3an Euskal Herria Kantuz Eguna ospatu zen Donostian, eta bertako ekitaldi nagusia eskainiko du ETB1ek, gaur gauean 'Oholtzan' saioaren barruan. Ekainean Biarritzen ospatu zen ekitaldiaren segida izan zen Donostiakoa. DSS2016ko ekitaldien barruan, Euskal Herri osoan ematen den gure kultur jarduera erakusteko asmoz antolatu ziren bi ekimenak. Bide batez, orain 50 urte Euskal Kantagintza Berria mugimenduaren parte hatu zuten idazle, kantari eta musikari orori esker ona eskaintzeko balio izan dute ekimenok.
Biarritzen bezalaxe, Donostian ere Euskal Herri osotik etorritako kantu zaleek hartu zuten parte. Kalez kale kantu jiran ibili eta herri bazkaria egin ostean, Trinitate plazan ekitaldi nagusia egin zen. Bertan, orain 50 urteko artistak omentzeaz gain, gaurko sortzaileei babesa erakutsi zitzaien.
Dantza, musika, kantua, poesia, bertsoa eta txalaparta uztartu zituen ekitaldiaz gozatzeko parada izango da gaur, 22:00etan, ETB1en. Jarraian, lehenago telebistan emanda dagoen Biarritzeko ekitaldia izango da ikusgai.