telebista
Estreinaldia
'El Lector de Huesos' gaur abiatuko da, Breton auziarekin
A.E.|EiTB
Paco Etxeberria antropologo eta auzitegiko medikuak eta Dani Alvarez kazetariak azken urteetako krimen ezagunak ikertuko dituzte.
Gaur, urriak 23, 'El Lector de Huesos' saio berria estreinatuko da ETB2n, 22:20ean. K2000 ekoiztetxeak asmatutako telebista formatua da, guztiz berritzailea. Bertan, Paco Etxeberria antropologo eta auzitegiko medikuak eta Dani Alvarez kazetariak azken urteetan gertatu diren krimen gogorrenak ikertuko dituzte. Breton auziarekin abiatuko da saioa.
ETB2k igande gauero emango duen saioak, auzitegi zientzia oinarri hartuta, gizartean zirrara sortu duten hilketak aztertuko ditu. Paco Etxeberria irakasleak auzitegi teknika guztiak erakutsiko dizkio Dani Alvarezi, hezurrek ematen duten informaziotik abiatuta.
Biktimen gorpuzkinak aurkitzen diren momentutik abiatuko dute ikerketa, hilketa gertatu den lekuaren azterketa zehatza eginez. Bigarren pausua izango da laborategian hezurren azterketa nola izan zen erakustea. Honi esker, denboran atzera egin ahal izango dugu eta delituaren kontakizuna alderantziz egin ahal izango dugu, hiltzaileak utzitako arrastoetatik abiatuta. Krimenaren puzzlea berregingo dute.
Heriotza naturala ala bortitza izan al zen? Noiz gertatu zen? Zerk eragin zuen? Zein egoeratan?... Paco Etxeberriak eta Dani Alvarezek zenbait adituren laguntza izango dute galdera hauek guztiak erantzuteko eta erailketa bakoitzaren nondik norakoak ikertzeko.
Gertutasunez eta thriller itxura emanez egingo dute kontakizuna. Halaber, benetako gertakarien berregitea ahalik eta zehatzena izango da.
Paco Etxeberriak azken urteotan denon ahotan ibili diren hilketak ikertu ditu eta kasu askotan auzien gakoa topatu du. Bere lana erabakigarria izan da, adibidez, Breton auzian (euren aitak hil zituen Ruth eta Jose haurren kasua); baita Gerra Zibilaren garaiko zenbait hobitatik gorputzak ateratzeko prozesuetan, Otsaportillokoan eta Gaztelukoan, esaterako. GALen biktima izan ziren Lasa eta Zabalaren identifikazioan ere giltzarri izan zen.
'El Lector de Huesos' saioak zortzi atal izango ditu. Aurrez aipatutako kasuekin batera, honako hauek aztertuko dituzte: Asunta Basterraren kasua (gurasoek, Alfonso Basterrak eta Rosario Portok, hil zuten neskatila); David Villafañeren auzia (Marta Couceiro neskalaguna hiltzeagatik kartzelan dagoen arren, errugabea dela dioen gaztea); Amaia Azkueren kasua (Azpeitiko Ibai-Eder urtegian bortizki eraila agertu zen emakumea); Teodoro Bracerasen auzia (Mena bailaran Txetxu Ezquerra abokatua hil zuen ganaduzalea), eta Aintzane Garayren kasua (bikotekide ohiak bortxatu eta hil zuen gaztea).
Breton auzia
Urriaren 8an Jose Bretonek Kordoban Ruth eta Jose seme-alabak hil eta sutan erre zituen. Hasieran, gorpuzkinak ez zituzten identifikatu, baina Paco Etxeberriaren parte hartzeari esker, auziak beste norabide bat hartu zuen.
Auzi izugarri honen ondoren Paco Etxeberria eta Ruth Ortizek, hildako bi umeen amak, elkar ezagutu zuten. Dani Alvarezek Kordobara lagunduko dio Pacori eta bertan, Ruth Ortizekin bilduko dira berriro. Auzitegiko medikuak emakumearekin gertakari ikaragarria gogoratuko du.
Paco eta Dani hilketaren lekutik abiatuko dute saioa: xehetasun guztiz, seme-alabak erretzeko piztu zuen sutearen eszena berregingo dute.
Ondoren, laborategian, Pacok Daniri animalien hezurrak gizonen hezurretatik bereizten erakutsiko dio, berak ere Jose Bretonen ziria deskubritzeko egin zuen bezala. Halaber, errausketa labe batean, suak hezurrengan duen efektua erakutsiko du Pacok, eta kaltzinazioaren eta errausketaren artean dagoen aldea azalduko du.
Breton auzia osatzeko Danik Reposo Carrero, Ruth Ortizen abokatua, elkarrizketatuko du; Bretonen txosten psikiatrikoa idatzi zuen Jose Saez Kordobako Lege Medikuntzako Institutoaren zuzendariarekin egongo da, eta baita Miguel Botella haur-eskeletoen ikerketan aitzindaria den mediku antropologoarekin ere.
e. e.