Itxi

telebista

22:30ean

'Objetivo Chimborazo'ren final handia, gaur gauean, ETB2n

Bi irabazleak Chimborazoren gailurrera igoko dira, eta 12.000 euro irabaziko dituzte finalean. Gaur, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.

"Objetivo Chimborazo" saioaren azken atalaren atarian gaude. 11 astez Ekuador zeharkatu ostean, Chimborazoren gailurrera igotzeko aukera emango dien azken proba handiari egin beharko diote aurre lehiakideek. Irabazten duten bi lagunak 6.268 metroko altuera duen sumendira igoko dira, planetako tokirik altuenera, Lurraren erdigunetik urrunen dagoen lekura.

Bi hilabete baino gehiago igaro dira lehiakideak Ozeano Barean lehorreratu zirenetik. Lau mundu zeharkatu dituzte: ura, lurra, airea eta izotza. Bidean tribu indigenekin bizitzen egon dira, inguruko jaki tradizionalak dastatu dituzte, borroka, barre eta negar egin dute, eta, batez ere, elkarrekin bizi izan dira. Hainbat lagun egin dituzte, eta haserretu ere egin dira, baina hori guztia bukatu da, azken atalaren atarian baikaude: Egoitz, Jorge, Santi eta Aitziber, Micha eta Raul bigarren aukeran finalera iristea lortu zuten bi lehiakideekin batera, aurrez aurre jarriko dira final handian. Bik bakarrik irabaziko dute, eta Chimborazoren gailurrera igoko dira.

Azken Proba Handian kapitainak omenduko dituzte. Lehiakideek lau zatitan banatutako ibilbidea egin beharko dute, eta atal bakoitzean kirol bat eginez egin beharko dute aurrera: txirrindularitza (Lekuren omenez), crossfit (Daniren omenez), atletismoa (Maria Joseren omenez) eta eskalada (Curroren omenez). Bukatzeko, oroimen-joko bat egin beharko dute. Fase bakoitzean azkena iristen den lehiakidea kanporatu egingo dute, eta ez du Chimborazora igotzeko aukerarik izango.

Euskal Herriko taldea aurreko atalean hautsi zen, Irantzu kanporatu baitzuten, baina hiru lehiakide izango ditugu final handian: Egoitz, Jorge eta Aitziber. Gure taldeko partaideak jarrera ezin hobearekin lehiatu dira beti, eta saioa hasi zen unetik argi zuten zein zen helburua: talde gorriaren bandera Chimborazoren gailurrean jartzea. Dena den, ez da lan erraza izango.

Zirkuitu gogorrean egin beharko dituzten probetan, azkartasuna, koordinazioa eta oroimena ezin hobeto uztartu beharko dituzte, irabazle izan nahi badute. Nerbioak direla eta, probaren batean gaizki pasatuko dute lehiakideek, eta baten batek bere indarraz zalantza egingo du.

11 asteren ostean, abentura bukatzear da, eta hainbat bizipen izan dituzte 16 lehiakideek. Beraiekin batera, saioaren nondik norakoak laburbilduko ditugu, eta bertan izandako esperientziez arituko dira. Pasadizo ezezagunak, iritziak, baina, batez ere, bizitako unerik onenak gogoratuko dituzte. Aste honetan, "Objetivo Chimborazo" saioak agur esango dio Ekuadorri, bi garaileak Lurreko puntu altuenean direla, Chimborazo sumendiaren gailurrean direla, hain zuzen ere.

Ez galdu "Objetivo Chimborazo"ren final handia, gaur, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en. Orain arte emandako saio guztiak EiTB Nahieran atarian daude ikusgai.