telebista
Gaur
Final Fourreko finala eta Bengoetxea-Irribarria partida, ETBn
A.A. | EiTB
Emakumeen Ligako Real-Athletic derbia eta Italiako Giroko 9. etapa ere zuzenean eskainiko dira ETB1en eta eitb.eus-en.
Kirol eskaintza bete betea dakarte ETBk eta eitb.eus-en gaurko. Zuzeneko bost emanaldi egingo dira egunean zehar: Emakumeen futbol Ligako Real-Athletic derbia, Italiako Giroko 9. etapa, Bengoetxea VI-Irribarria Buruz Buruko Txapelketako finalerdia eta Final Fourreko finala eta ¾ postuak erabakiko dituen partida.
12:00etan, 'Oreka' saioaren barruan, izango da ikusgai futboleko Emakumeen Ligako Real Sociedad-Athletic norgehiagoka. Naxari Altunak, Larraitz Lukasek eta Sara Gandarak egingo dute kontakizuna.
15:00etan, Italiako Giroarekin bat egingo dute ETB1ek eta eitb.eus-ek. Radda in Chianti eta Greve in Chianti artean 40,5 kilometroko erlojupekoaren nondik norakoak ekarriko dizkigute Fermin Aramendik eta Xabier Usabiagak.
Txirrindularitza amaitutakoan, 17:20ean, hasiko da 'ETB Kantxa' saioa, Eibarko Astelena pilotalekutik. Bertan jokatuko da Buruz Buruko Txapelketako bigarren finalerdia, Oinatz Bengoetxearen eta Iker Irribarriaren artean. Aurretik, J. Retegi-Merino II / Ezkurdia-Barriola partida jokatuko da eta ondoren, Jaunarena-Cecilio / Elordi-Tolosa. Xabier Euzkitze, Joxan Tolosa eta Elena Azpeitia arduratuko dira kontakizunaz.
17:00etan Euroligako Final Fourreko ¾ posturako partida eskainiko dute ETB4k eta eitb.eus-ek, eta 20:00etan finala ETB1ek eta eitb.eus-ek. Asier Aranguren, Josean Aldalur eta Juan de la Vega izango ditugu berriemaile Berlinetik zuzenean. Saskibaloi emanaldien iraupena luzatu egin daiteke, Laboral Kutxak jokatu edo ez.
Amaitzeko, 11:00etan, ETB1ek eta eitb.eus-ek herri kirolen tartea zabalduko dute bezperan Galdakaon jokatutako aizkolarien Eusko Label sariko 1go finalerdia eskaintzeko. Juanan Legorburu eta Joxe Etxebeste izango dira esatariak.