Itxi

telebista

Jose Mari Argoitia ETBko kazetaria hil da

Euskal Telebistan egin du lan hainbat urtez Argoitiak, eta musika, zinema eta literatura zale handia zen.

0:27

Jose Mari Argoitia kazetari ondarrutarra hil da. Euskal Telebistan egin du lan hainbat urtez Argoitiak, hainbat saioren zuzendari eta gidoilari gisa; 90eko hamarkadan Ikuskaria musika klasikoari eskainitako saioa aurkeztu zuen, eta azken urteetan, Gaur egun eta Teleberri albistegietan aritu zen. Musika, zinema eta literatura zale handia zen. Honako hitz hauek idatzi dizkio Asier Larrinaga Larrazabal EiTBko Euskara Zerbitzuaren buruak:

 

JOSE MARI ARGOITIA, MUSIKAZ BLAI

Euskal Telebistaren programetan era guztietako zereginetan ibili zen Jose Mari Argoitia: aurkezle, zuzendari, editatzaile, gidoilari, sortzaile eta, oroz gain, eta nabarmendu nahi dut, eragile, sustatzaile, eta bultzagile. Zinez sinesten zuen kalitatezko euskarazko telebistan, eta gazterik murgildu zen ETBren proiektuan, ahaleginetan zeken eta uzkur ibili barik.

Jose Mari lankide eskuzabala zen, iradokizunak, ikuspegi aberasgarriak eta esperientzia eskaintzeko prest beti. Gozagarria zen Jose Marirekin hizketan jardutea, ia dena interesatzen zitzaion eta: eleberri grafikoak, eguraldiaren aurreikuspena, euskarazko hip-hopa. Musika-mundua zuen maiteen. Egin ere, ekarpen garrantzitsuak egin zizkion euskarazko musikari.

Badakit bere herrian ere, Ondarroan, ez zela begira geratzekoa, eta kultur egitasmo guztietan lagundu eta parte hartu zuela. Azken batean, Jose Mari Argoitiaren kezka pertsonak ziren, eta lehenengo, bere herrikoak. Horregatik, justifikazio bihurrietan ibili beharrik gabe, Jose Mari euskaltzale kementsua ere izan zen.

Asier Larrinaga Larrazabal

EiTBko Euskara Zerbitzuaren burua