telebista
Akordioa
Donostia Zinemaldiak informazio jarraipen handia izango du EiTBn
A.E.
EiTB
Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiaren zuzendariak eta Maite Iturbe EiTBren zuzendari nagusiak lankidetza hitzarmena izenpetu dute.
EiTBk eta Donostia Zinemaldiak lankidetza hitzarmena berritu dute asteazken honetan, irailaren 2an, Donostian. Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariak eta Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiak sinatu dute ituna. Horren ildotik, aurten ere EiTBk Zinemaldiaren berri eman eta jarraipen handia egingo dio taldeko hedabide guztietan.
Irailaren 18tik 26ra bitartean izango den Donostia Zinemaldiaren inguruan xehetasunez berri emateko ahalegin berezia egingo dute ETBn, Euskadi Irratian, Radio Euskadin, Gaztean eta eitb.eus-en. Irekiera eta itxiera, ETB1en eta eitb.eus-en zuzenean jarraitu ahal izango dira. Horrez gain, Zinemaren Gala eta Donostia Saria internet bidez emango dira, eta baita telebistaz ere, oraindik katea, eguna eta ordua zehaztu gabe badaude ere.
ETBko albistegietan tartea izango du egunero Zinemaldiak. Albistegiek zuzenekoak, erreportajeak, elkarrizketak eta aurkeztuko diren filmen kronikak eskainiko dituzte. Kazetari eta teknikari lantalde zabalak emango du berri bederatzi egunetan. 'Sin Ir Más Lejos', 'Como en Casa en Ningún Sitio' eta 'Azpimarra' saioek ere Zinemaldiari erreparatuko diote eta 'EiTB Kulturak', denboraldiko bi lehen saioetan, irailaren 17 eta 24ko saioetan, aurtengo edizioaren inguruko edukiak izango ditu. Euskal zinemari buruz eta Karmele Soler Zinemira saria jasoko duen makillatzaile ospetsuari buruz arituko dira batez ere.
eitb.eus-ek, berriz, gune berezia eskainiko dio eta streaming-ez emango ditu ekitaldi berezienak. Euskadi Irratiak, Radio Euskadik eta Gazteak ere ardatz nagusi izango dute Zinemaldia programazioan. Elkarrizketak, erreportajeak, filmen analisiak, eta ekitaldi eta jai guztien kronikak bilduko dituzte albistegi eta eguneroko saioetan.
'Aitaren Etxea'ren estreinaldia, ETBren Galan
Irailaren 23an Victoria Eugenia antzokian izango den ETBren Galan 'Aitaren Etxea' telesailaren aurrestreinaldia egingo da. ETB1en udazkeneko fikziozko apustu garrantzitsuaren lehen atala izango da ikusgai. Jabi Elortegik zuzendu du Pausokak eta ETBk ekoitzitako lana.
Euskadiko kostaldeko herri batean 50eko hamarkadan dago girotua. Jende multzo batek, gehiengoarentzat bereziki gogorrak izan ziren urte haietan, aurrera ateratzeko eta batera jarraitzeko egin behar dituen ahaleginak islatzen ditu.
Aktoreen artean, Loreto Mauleon, Nagore Aranburu, Josean Bengoetxea, Felix Arkarazo, Kandido Uranga, Ander Azurmendi, Anartz Zuazua eta Iñaki Beraetxe daude.
ETBk babestutako 12 film daude Donostia Zinemaldian
Aurten Donostia Zinemaldian ikusgai izango diren dozena bat film luzetan parte hartu du ETBk. Horrez gainera, Kimuak-eko film labur gehientsuenak ere diruz lagundu ditu.
Sail ofizialean, Asier Altunak zuzendu eta Txintxua Filmsek ekoitzitako Amama filma nabarmendu behar da. Bigarren urtez jarraian, gainera, euskaraz errodatutako film luze bat izango da Sail Ofizialean.
Horrez gain, Zinemira sailean emango diren hainbat filmetan parte hartu du ETBk: Euskal Zinemaren Galan emango den Lara Izagirreren Un otoño sin Berlín; Pablo Irabururen eta Migueltxo Molinaren Walls (Harresiak); Josu Martinezen Gure sor lekuaren bila; Gorka Bilbaoren Jai Alai blues; Sam Orti Martiren Pos eso; Olivier Masset-Depasseren Sanctuaire; eta Carlos Rodriguezen #Jazzaldia50.
Azpimarragarriak dira, bestalde, Zabaltegin aurkeztuko den helduentzako animaziozko Psiconautas, Pedro Riverok eta Alberto Vazquezek zuzendutako lana, eta Culinary Zinema sailean izango diren bi dokumental: Sagardoa bidegile, Bego Zubiak zuzendu eta Elhuyarrek eta Pixelek ekoitzitakoa, eta Zeharbidean. Ekinaren sena, Mugaritz, Ixok ekoitzi eta Pep Gatellek zuzendutakoa.