telebista
Final Handia
Enekok irabazi du ‘El Conquistador del Fin del Mundo 10’ saioa
Getxoko arraunlariak Irene eta San garaitu zituen azken proban, ‘El Conquistador del Fin del Mundo’ saioan inoiz izan den proba lehiatuenean.
Eneko Van Horenbeke Bilbaok irabazi du ‘El Conquistador del Fin del Mundo’ saioaren hamargarren edizioa. Lehiaketaren lehen edizioa irabazi zuenak oraingoan ere abilezia ikaragarria erakutsi du azken proban, Irene eta San beste bi finalistei aurrea hartuta, abentura saioan inoiz egin duten probarik zorrotzenetakoan.
Perito Moreno glaziarra izan da azken lehiaren kokalekua, abenturako azken fase honetara heltzeko aukera izan dutenentzat bizipen ikaragarria. Orientazioa eta parte-hartzaileen indarra izan dira gakoak ‘El Conquis 10’ saioaren azken lehia zorrotzean. Hasteko, orientazio proba izan zuten Enekok, Sandrak eta Irenek; iparrorratzari eta Julian Iantzik esandakoei jarraituz aurkitu behar izan zuten norabidea. Ondoren, azken tirolinara igotzeko pioletak izoztutako putzu batean aurkitu zituzten hiru finalistek.
Azken tirolinako igoera gogorra
Piolet batek lagunduta, azken tirolinaraino igo behar izan zuten parte-hartzaileek. Irene heldu zen lehen postuan izotzezko hormara, eta Eneko bigarren. Hala ere, final nagusiko une erabakigarrian, Ireneren aurretik jarri zen Eneko tirolina gogorrean. Sandra, bien bitartean, lehiakideengana hurbilduz joan zen gutxinaka. Azkenik, Irene eta Sandra garaitu zituen Enekok azken proba gogorrean, eta ‘El Conquistador del Fin del Mundo’ saioaren hamargarren edizioko garaipena lortu zuen.
Abentura irabazi ondorengo lehen adierazpenetan, Eneko ‘oso pozik’ agertu zen garaipena lortzeagatik; hala ere, uste baino askoz gogorragoa izan zela onartu zuen. Garaipena lortzetik pauso batera, tirolinan Enekori aurrea hartzeko indar pitin bat falta izan zutela onartu zuten neskek. Julian Iantzirekin topa egin eta abenturari agur esan zioten hiru finalistek Perito Morenon.
10. edizioko kapitainak eta lehiakide guztiak
Final handiko galan, halaber, hamargarren saio honetan parte hartu duten kapitain eta lehiakide guztiak batu ziren. Lau kapitainak izan ziren bertan, Korta eta Juanito barne, eta baita abentura abiatu zuten 28 lehiakideak ere. Une onenak zein txarrenak gogoratu zituzten finaleko saioan: guaranien kanpamentuan bizi izandakoak, Juanitok eta Kortak Karai Mirirenganako izan zuten jarrera, labirintoaren jokoa, Jorgeren istripua, Juanitoren mozkorra, Jakareen gainbehera, etab.
Castingetarako datak
Bestalde, datorren ediziorako castingen datak ere ezagutu ditugu. Uztailaren 4an, ostiralean, Iruñean, Iruña Park hotelean; uztailaren 7an, astelehenean, Gasteizen, Canciller Ayala hotelean; uztailaren 8an eta 9an, EiTBren Miramongo egoitzan; eta uztailaren 10ean eta 11n, EiTBren Bilboko egoitzan. Casting guztiak 09:00etatik 19:30era egingo dira.
Publikoaren gogokoa
Saridun bat, baina, zehaztu gabe dago oraindik: publikoaren lehiakiderik gogokoena. Saioaren webgune berezian sartuta zein SMS bat bidalita eman daiteke botoa, eta datorren igandean, ekainaren 8an, jakingo dugu nor den aurtengo lehiakide gogoena, ‘El Conquis 10’ saioaren azken atal berezian.