telebista
Euskal kulturaren topagunea
EiTBren jarraipena, Durangoko Azokan
A.A.
EiTB
Bertan aurkeztuko diren nobedade guztien berri emango dute irratian, telebistan zein interneten.
EiTBk jarraipen berezia egingo dio abenduaren 5etik 8ra ospatuko den Durangoko Azokaren 48. edizioari. Euskal kulturaren topagune nagusiaren inguruko berriak telebista, irrati eta internet bidez jarraitu ahal izango dira.
ETBko 'Gaur Egun' eta 'Teleberri' albistegiek egunero zabalduko dute azokaren leihoa, zuzenean Landako gunearekin bat egiteko. Bertatik, ekitaldi nagusien berri emango dute eta protagonistekin hitz egingo dute. Bestalde, ETB1en, egunez egun gertatu den guztiaren irudi bilduma eskainiko dute gauero, bederatziak pasatxoan, ostiralean izan ezik, beranduxeago izango baita.
Jaime Otamendik gidatzen duen 'Airean' saioan Durangoko Azokari tartea egingo diote ostegunean. Ilaski Serrano kazetaria izango dute bidali berezia. Goizean goizetik arratsaldera bitartean ikusitakoak kontatuko ditu Ilaskik zuzenean, Durangotik bertatik.
'Euskal Herrian Zuzenean' 75 minutuko programa berezia egingo dute ostegunean, 18:45etik 20:00tara, Durangoko Azokari buruzko zuzenekoak eta bideoak tartekatuz. Bost erreportari izango dituzte bertan, argitaletxe ezberdinetako nobedadeak kontatzeko, guneen aurkezpena egiteko, eta idazle eta musikariak elkarrizketatzeko. Mikel Urdangarin, Kirmen Uribe, Xabi Aburuzaga eta Mikel Markez izango dituzte zuzenean. Pirritx eta Porrotx pailazoekin, EH Sukarra taldekoekin, Joseba Irazokirekin eta beste egile batzuekin ere egongo dira. Oro har, egunak ematen duena kontatuko du Sara Gandarak gidatzen duen saioak.
'EiTB Kultura' saioak (asteazken gauean ETB1en eta ostegun gauean ETB2n) Durangoko Azokan aurkeztuko diren liburu eta diskoen errepasoa egingo du. Nobedade horiei buruz eta azokak euskal kulturan duen garrantziari buruzko hausnarketako egiteko Harkaitz Cano idazlearen eta Roberto Moso eta Ainhoa Urretabizkaia Radio Euskadi eta Gazteko kazetarien laguntza izango dute.
eitb.com eta Gaztea
eitb.com-ek atari berezia du, Durangoko Azokaren inguruko albiste, argazki eta bideoekin. Horrez gain, Ahotseneako emanaldi guztiak zuzen-zuzenean ikusteko aukera eskainiko digu, baita Azoka TBko programazioa ere.
Gazteako webgunean ere Durangoko Azokak presentzia handia izango du. Platerueneko kontzertuak zuzenean eskainiko ditu, baita ostiralean Durango bertatik egingo den Gazteako 'B-Aldea' irratsaioa ere. Ainhoa Urretabizkaia eta Xabier Doncel zuzenean arituko dira zazpietatik zortzietara bitartean. Azokako musika nobedadeak jasoko dituzte Gazteako entzuleentzat, baita Plateruenan eta Ahotsenean aurkeztuko diren taldeen lanak ere. Gaztea irratiak egunero konexioak egingo ditu azokarekin eta Ainhoa Urretabizkaia izango dute berriemaile bertatik.
Euskadi Irratia
Euskadi Irratiak gertuko jarraipena egingo dio Durangoko azokari, bai kultur leihoetan eta baita gainerako emankizunetan ere. Asteazken honetan bertan, azokaren atariko, Maite Artolak William Douglas Argizaiola saria jasoko duen antropologoari egingo dio elkarrizketa. Renoko Center for Basque Studies-eko sortzailea da Douglas eta Euskal Herriari buruz egin dituen ikerketek eta bitartekari lanek Mr. Basque ezizena eman diote Estatu Batuetan. Elkarrizketa, goizeko 09:00etan izango da 'Faktoria' saioan.
Ostegunean, Euskadi Irratiak zuzenean eskainiko du azokaren irekiera eta ikasleentzako propio antolatu dituzten tailerretan pasako du goiza irratiko unitate ibiltariak. Egun horretan bertan, Durangora begira aurkeztu diren nobedade guztien bilduma egingo du 'Arratsean'ek ordubeteko saio berezian, 20:00etan.
Abenduaren 6an, Landako gunera bertara leku aldatuko da asteburuetako magazina. 'Amaraun'eko mikrofonoetan izango da Bernardo Atxaga eta baita Durangoko azokara agertuko diren beste artistetatik asko: Horien artean, Irati Jimenez, Rafa Rueda, Andoni Egaña eta Mursego bilduko dira mahaiaren bueltan. Keu Agirretxek zuzenean eskainiko ditu bere azken lanak, saio akustikoan.
Radio Euskadi
Radio Euskadik ere Durangoko Azokaren berri emango du abenduaren 5etik 8ra bitartean, albistegi eta irratsaio ezberdinetan, Goizalde Landabaso eta Idoia Jauregi kazetarien eskutik. Irekiera egunean, gainera, bertatik egingo ditu 'Kultura.com' eta 'Iflandia' irratsaioak, eta 'Boulevard' saioak zuzenean bat egingo dute azokarekin goiz osoan zehar.