Itxi

telebista

22.15ean

Lasa eta Zabalaren kasuaz arituko dira '60 Minutos' saioan

Lasa eta Zabala bahitu eta hil zituztela 30 urte bete direnean, '60 minutos' saioak gertatutakoa berritu nahi du kronologikoki, desagertu zirenetik gaur egunera arte.

  • Lasa eta Zabala

    Lasa eta Zabala

30 urte beteko dira aste honetan Lasa eta Zabala bahitu eta erail zituztela. 1983ko urriaren 15ean desagertu ziren bi iheslariak, Baionan, eta 15 hilabete geroago topatu zituzten bien gorpuak, Alacanten, indarkeria zantzu garbiak zituztela, eta kare bizitan lurperatuta, baina 10 urte gehiago igaro arte ez zituzten identifikatu. Gaur gauean, 22:15ean, gertaturiko guztia oroituko dute '60 Minutos' saioan.

Gertakari hura berrituko dute kronologikoki, desagertu zirenetik gaur egunera arte, eta, horretarako, protagonista batzuekin hitz egingo dute: Pili Zabala, Joxi Zabalaren arreba; Paco Etxeberria, gorpuak identifikatu zituen eta nolako heriotza izan zuten argitu zuen auzitegiko medikua; GAL ikertu zuten hainbat kazetari, Melchor Miralles eta Jean Chalvidant esaterako; kasuaren fiskala, Jesús Santos; eta José Amedo, Michel Dominguezekin batera GAL kasuagatik kondenatu zuten Poliziako komisarioorde ohia. José Amedok Cal viva memoria-liburua kaleratu berri du, eta GALen krimenei buruzko hainbat xehetasun eman ditu bertan.

Lasa eta Zabalari gertatutakoa argitzeko prozesuak zazpi urteko iraupena izan zuen, eta une harrigarriak izan ziren denbora-tarte horretan; adibidez, kasua argitzeko garrantzi handia zuen pertsonetako bat epaitegian hil zen, eta, gainera, lekukoek eta inputatuek euren bertsioak aldatu zituzten. Halaber, ezin da epaia ahaztu, ezta kondenatuek ondoren indultuak jaso zituztela ere.

Lasa eta Zabala bahitu eta hil zituztela 30 urte bete bete direla oroituko dugu, gaur gauean, '60 Minutos'en.