telebista
Estreinaldia
'Airean', Jaime Otamendik aurkeztutako saioa hasi da gaur
EITB
Arratsaldeko 15:45etik 17:30era bitartean, egunak utzi dizkigun berriak eta azken ordukoak landuko dituen magazine-tertulia da.
'Airean' Jaime Otamendik zuzendu eta aukeztutako aktualitate tertulia estreinatu du ETB1ek gaur arratsaldean. Barne produkzioko apustu garrantzitsua astelehenetik ostiralera, arratsaldeko 15:45etik 17:30era bitartean, emango da. Egunak utzi dizkigun berriak eta azken ordukoak landuko dituen magazine-tertulia itxurarekin.
Egunean zehar albiste izandakoak aztertuko ditu Jaime Otamendik 4-5 tertuliakideren laguntzaz. Solaskideez gain, Jaimek Ilaski Serrano eta Usoa Arbelaitz kazetarien laguntza izango du platoan.
Ilaski Serrano jardun berri batean ikusiko dugu telebistan. Erreportariaren larruan jarriko da aurkezle ezaguna, eta eguneko albistearen jarraipena egingo du, albistea kaletik platora ekarriz.
Usoa Arbelaitzek, Euskadi Irratian lan egin duen kazetariak, albiste berezien berri emango digu platoan, eta horretaz gain, saioak egunero izango dituen atal desberdinen ardura izango du.
Egunero aditu bat izango dute platoan, oso gai desberdinez hitz egiteko: Paula Garaialdek modaz eta tendentziez hitz egingo du; Nicolas Cuencak ekonomiaren gorabeheren berri emango du; Kike Amonarrizek euskararen bitxikeri eta albisteak landuko ditu; Iñigo Vicens saioko personal-trainerra izango da, eta Ainara Atorrasagastik eta Lander Ugartek diseinu munduaren azken joerak ekarriko dituzte platora. Mikel Pagadik ere bere tartea izango du ‘Airean’en astero eta bere bitxikeriak ekarriko ditu.
Astean behin, Jaime Otamendik pertsonaia ezagun eta interesgarri bat elkarrizketatuko du platoan. Horrez gain, Oriok eta Euskal Telebistak ekoiztutako saioa munduan zehar bizi diren euskaldunekin ere harremanetan jarriko da, eta gertutik jarraituko du euskal sortzaile, ekintzaile eta ikertzaileen lana. Bizitzaren eskaparatea izango da 'Airean'.