Prentsa aretoa
Etapa berria
Eider Hurtadok gidatuko du aurrerantzean Radio Euskadiko "Boulevard" saioa
EITB MEDIA
Xabier García Ramsdenek gaur agurtu du irratsaioa, eta maiatzaren 20tik aurrera ETB2n izango da. Itsaso Güemesek aurkeztuko du "Distrito Euskadi" arratsaldeko programa.
-
Eider Hurtado
Maiatzaren 6tik aurrera Eider Hurtadok aurkeztu eta zuzenduko du Radio Euskadiko "Boulevard" goizeko albistegia, 06:00etatik 10:00etara. Izan ere, Xabier Garcia Ramsden EITBko kazetariak agur esan dio ostiral honetan Radio Euskadiko goizetako etapari. Eider bera saioan izan da, Xabierren eskutik lekukoa hartzeko; eta, ondorioz, Itsaso Güemesek aurkeztuko du "Distrito Euskadi" arratsaldeko programa.
Hain zuzen ere, "Boulevard" saioan abiatu zuen Eider Hurtadok bere ibilbidea EITBn, eta hortik aurrera bide luzea egin du irratian zein telebistan. Besteak beste, "360 grados", "Aquí y Ahora" eta "El Cambio" programak aurkeztu ditu ETB2n, eta ikerketa- eta datu-kazetaritza, gaurkotasuna, politika eta analisia jorratu ditu urte hauetan guztietan. 2023ko irailetik irratiari lotuta dago berriro ere, denboraldiaren hasieran "Distrito Euskadi" programa hartu baitzuen bere gain. Astelehenetik aurrera, berriz, "Boulevard" gidatuko du, goizeko informazioaren eta gaurkotasunaren erreferente handia eta Radio Euskadiko ikur handietako bat. Iraletik, gainera, telebistara ere egin du jauzi irratsaioak, eta goizero ikus dezakegu albistegia ETB2n eta eitb.eus-en, 07:00etatik 10:00etara.
Izan ere, zerbitzu publikoaren izaerari jarraituz, eta gizartea eraldatzeko agente gisa, EITBko irratiek etorkizunari begira jarraitzen dute, formatuetan eta edukietan berrikuntza garatzeko helburuarekin, crossmedia proiektuetan fokua jarriz.
Xabier García Ramsden, ETB2n
Maiatzaren 20tik aurrera, Xabier García Ramsden ETB2ra itzuliko da, eta "Quédate" aurkeztuko du hilabete batzuetan. Berak iragarri du gaur goizean 07:00etako albistegian. "Gaur hiru urteko etapa bat itxiko dut Boulevarden, eta nire bigarren etxe profesionalera itzuliko naiz, ETB2ra. Maiatzaren 20tik aurrera, "Quédate" arratsaldeko programa aurkeztuko dut hilabete batzuetan zehar", esan du Ramsdenek.
"Plazer handia izan da. Eskerrik asko hiru urte hauengatik. Hiru urte bizi, non denetarik kontatu behar izan dugun: pandemia baten amaiera, gerra baten hasiera, lehendakari baten ibilbidearen amaiera politikoa, beste lehendakari baten heriotza… nork esango zidan programa bat aurkeztuko nuela gerran dagoen herrialde batetik, Ukrainatik; edo kartzela batetik, gero Ondas sari batekin aitortua izango zena. Eskerrik asko gu aukeratzeagatik gaur hain garrantzitsua den zerbait egiteko: informatuta egoteko. Eskerrik asko eta laster arte", esan du Xabier García Ramsden, saioaren bukaeran lantaldearen agur hunkigarri bat jaso aurretik.