Itxi

Zinemaldia 2024

Irailak 27

Penelope Cruz, Zinemaldiko azken-aurreko egunaren protagonista

eitb.eus

Madrildar aktorea bart iritsi da Donostiara, gaur gauean, ostiralarekin, Donostia saria jasotzeko. eitb.eus-en zuzenean ikusi ahalko da ekitaldia.

1:16
Penelope Cruz

Zinemaldiko Sail Ofizialean lehian izango diren pelikula guztiak proiektatuta, Penelope Cruzengan jarriko dira begirada guztiak jaialdian, ostiral honetan. Madrildar aktoreak, Oscar baten eta hiru Goya sariren irabazleak, Donostia saria jasoko du gaur, 22:15ean, Kursaalen, eitb.eus-en zuzenean ikusi ahalko den gala batean.

Cruzek jaialdiaren ohorezko saria jaso eta gero, “Wasp Network” Olivier Assayas zuzendariaren pelikula izango da ikusgai, madrildarrak Gael Garcia Bernal (mexikarra ere Donostian dago), Leonardo Sbaraglia eta Wagner Moura aktoreekin batera egindako lana, 90eko hamarkadako kubatar espioien talde baten ingurukoak kontatzen dituena.  

Sail Ofizialean, lehiaketatik kanpo, Daniel Sanchez Arevalok “Diecisiete” aurkeztuko du, eta, euskal zinemari dagokionez, “70 binladens”, “Gazta”, “Zer jan hura izan”, “Leyenda dorada”, “Soinujolearen semea” eta “La pequeña suiza” egongo dira ikusgai.

Gainera, Belodromoan, “Sua – Irabazi arte” dokumentala ikusi ahalko da, Erreginaren Kopa irabazi zuten Realeko futbolarien asteburu gogoangarria nolakoa izan zen erakusten duen pelikula.