Zinemaldia
Zazpigarren jardunaldia
'Amigo' eta 'Aita' estreinatu dituzte Sail Ofizialean
Erredakzioa
John Saylesek eta Jose Maria de Orbe gipuzkoarrak zuzendutako lanak Urrezko Mazkorra irabazteko lehian egon dira. Azken horrek Zuzendari Berriak sailean ere parte hartu du, gainera.
Egun berezia da ostegun hau Donostiako Nazioarteko Zinemaldian: Aita Jose Maria de Orbe gipuzkoarraren lana erakutsi dute, Sail Ofizialean. Barne-barnetik egindako kontakizuna da istorioaren muina, hutsik dagoen etxe zahar batek gordetzen dituen sekretuak erakusten dizkiguna. Kutxa-Zuzendari Berriak sailean ere lehiatu da Orbe.
John Sayles Amigo aurkeztera itzuli da Zinemaldira. Sail Ofizialean lehiatu den pelikulako protagonista nagusia Rafael da, Joel Torrek akoreak gorpuzten duen pertsonaia. Simon anaiarekin batera, hainbat zailtasuni aurre egin beharko die bizirik jarraitzeko.
Zabaltegiko Perlak sailaren baitan, Wang Quan An zuzendariak Tuan Yuan (Apart together) aurkeztu du. Liuren, Taiwanen 50 urte bizi eta gero Shanghai jaioterrira itzuliko den gizonaren, istorioa dakar Berlinale jaialdian gidoi onenaren zilarrezko hartza irabazi zuen lan honek. Carlos Cesar Arbelaezek ere Zabaltegin aurkeztuko du Los Colores de la montaña lehen filma. Zuzendari berrien sailean lehiatu da minaz jositako zelai batetik baloi bat atera nahi duten ume batzuen istorio hau.Chrzest filme poloniarrean bestalde mafiatik ihesi dabilen hiltzaile ohi bat erakutsi digu Marcin Wrona zuzendari gazteak.
Anahi Berneri argentinarrak Por tu culpa aurkeztuko du, Horizontes Latinosen. Berlinale jaialdian parte hartu zuen honek ere, eta banandu eta gero haurrak aurrera atera behar dituen Julietaren bizitza kontatzen du. 2007an, Encarnación pelikula aurkeztu zuen Bernerik Zinemaldian.
Paz Fabrera ere Horizontes Latinosen egon da eta Agua Fria de Mar lana estreinatuko du. Mariana eta Rodrigo protagonistek Pazifikoan igaroko dituzten bizipenak erakusten ditu lan horrek. Fabregak Zinema Eraikitzen ekimenean aurkeztu zuen proiektua. Behin amaituta, Rotterdameko jaialdian saritu zuten, eta Bacifi eta Guadalajarako jaialdietan parte hartu du.
Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketak
Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketen bigarren jardunaldia egin dute ostegun honetan.14 film labur erakutsi dituzte, hamabi herrialdetako 14 zinema eskolatan egin dituztenak.