Itxi

Zinemaldia

Zinemaldian

Alex de la Iglesiak Zinematografiaren Sari Nazionala jaso du

Erredakzioa

Ekitaldia Victoria Eugenian egin dute.

Alex de la Iglesiak Zinematografiaren Sari Nazionala jaso du gaur eguerdian, Donostiako Zinemaldian. Balada Triste de Trompeta lanarekin Venezian arrakasta lortu ondoren, bilbotarra Gipuzkoako hiriburuan izan dugu gaur, Angeles Gonzalez Sinde Kultura ministroaren eskutik saria jasotzeko. Victoria Eugenia Antzokian egin dute ekitaldia.

Sorkuntzaren eta minaren arteko harremanaz egin du hausnarketa zuzendariak saria jaso ondoren. Sorkuntza lanari behar bezalako etekina ateratzeko modu bakarra sufrimendua dela esan du bere hitzaldian. ''''Ez dago gozatzerik, sufritzen ez bada'''', laburbildu du. ''''Azken pelikula egiten inoiz baino gehiago sufritu dut, eta lehenengoa baino gehiago kostatu zait azken hau. Baina, uste dut lehenengoa baino hobeto geratu zaidala, minarekin ohitu egin naizelako. Beharbada min hori guztion artean eramateko gai baldin bagara eta sufrimendu horretara ohitzen bagara, sorkuntzaren parte dela onartuta, harro egoteko moduko zerbait egin dezakegu'''', gaineratu du zuzendari eta Zinema Akademiaren presidenteak.

Joan den uztailaren 2an iragarri zuen Kultura Ministerioak Zinematografiaren Sari Nazionala aurten nork lortuko duen. Sariak 30.000 euro ematen dizkio aurreko urtean ibilbide bikainena izan duen profesionala bati, eta aurten zuzendari eta gidoilari bilbotarrak eskuratu du.''''Pozik eta harro nago, ohore sinestezina delako. Izugarri eskertzen dut'''', adierazi zuen Alex de la Iglesiak horren berri izan eta berehala. ''''Egia esan, lotsatuta nago, saria nik baino gehiago merezi duten bost lagun gutxienez baitatozkit burura'''', gaineratu zuen. Antzeko hitzak erabili zituen ''''Graffiti'''' Radio Euskadiko saioan, sari hau jasotzeagatik lotsatuta agertu baitzen: ''''Nik baino gehiago merezi duten 20 lagun ezagutzen ditut'''', esan zuen.

Aste honetan bertan, berriro hitz egin du Espainiako Zinema Akademiako presidenteak Radio Euskadirekin. Oraingoan Torontotik aritu da, bertan Balada Triste de Trompeta bere azken filma aurkeztu berri baitu. ''''Pelikula salduta dago jada Estatu Batuetan'''', esan zuen.