Itxi

Zinemaldia

Akreditazioak eta urduritasuna

Lehen eguna Zinemaldian: euria, tentsioa... eta egun asko aurretik

Xabier Doncel

Badago Zinemaldian okerrago hasterik?

Utz dezagun albo batera aurretiaz egindako lan mordoa: batzarrak, borradoreak, briefing-ak, web bereziak... Eta has gaitezen Bilbotik berandu irteteak dakarren urduritasunarekin. Deban auto-ilarak aurkitu ondoren, Donostiara berandu heldu eta han ere auto-ilarak, noski.

Badago okerrago hasterik? Bai, badago. Akreditaziora berandu iritsi (aparteko aipamena beharko luke wellcome-packak, boltsarekin, informazioarekin eta mundukohizkuntzaguztiak-euskara hiztegi berezi batekin), ostatu hartzera ere berandu, eta berandu, noski, eguneko informatiboko gaien batzarrera.

Eskerrak garaiz iritsi garela Mikel Olazireguiren elkarrizketa osoa webgunera igotzera, Dagoeneko denok jakin badakigunez, aurtengoa du Olazireguik azken edizioa Zinemaldiaren zuzendaritzan (baina ez omen du mundu hau erabat utziko).

Dena den, garrantzitsuena zera da: hemen garela. Kursaaleko parkingaren irteeran ikusi dudan lehen aurpegi ezaguna? Barbara Goenaga. Horrek zerbait esan nahiko du. Gaur arratsaldean Vazquez Handia estreinatu dute, prentsa eta akreditatuentzat. Nahi duenean nahi duena egiten duen 60.hamarkadako zurrul baten istorioa da. Santiago Segura du protagonista, eta Oscar Aibar zuzendaria. Egia esan komikietaz gaitasun osoz hitz egin dezake zuzendariak, komiki gidoilari lanetan ibili baitzen Totem eta El Víbora aldizkarietan, 1986 eta 1994an.

Esan dezagun egia: John Malkovich iritsi da, ados; Olivia Williamsek jasoko du aurtengo FIPRESCI saria, ados; eta Chicogrande filmak ireki du aurtengo Zinemaldia. Ados. Baina, hemen denak Julia Robertsen zain daude (fansak eta kazetariak ere). Iganderako espero dugu estatubatuarra, eguerdi aldean.

... eta ez: George Clooney ez dator, baina badirudi Scarlett Johanson bai etor daitekeela: bere senarrak Buried aurkeztuko du bihar bertan.

Gutxienez, Debako auto-ilarek ganorazko zerbait jakiteko aukera eman didate: Felix Linaresek 20 urte daramatza Zinemaldira etortzen. Nire lehen aldia da hau!