Zinemaldia
Donostia Saria 2010
Julia Roberts: Hollywood-eko izar baten biografia
Erredakzioa
Donostiako Nazioarteko Zinemaldiak aktorearen ibilbidea omenduko du.
Gaur egun Hollywooden distira gehien egiten duen izarra da Julia Fiona Roberts aktorea. Erin Brockovich filmagatik Oscar bat irabazi zuen eta urrezko hiru Globo ere irabazi ditu; emakumezko aktore onenarena, komedia edo musikaleko emakumezko aktore onenarena, eta antzeztaldeko emakumezko aktore onenarena. Ikusleak erakarri eta zinema aretoak betetzeko gaitasuna duten aktore bakanetakoa da. Gainera, Aktoreen Sindikatuak eta Erresuma Batuko zinema akademiak ere saritu dute. Donostiako Nazioarteko Zinemaldiak Donostia Saria 2010 emango dio.
Zine ibilbidea 1989an hasi zuen Steel Magnolias filmean lan egiteko aukeratu zutenean. Aurretik, garrantzia gutxiko lanak egin bazituen, film honi esker antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren urrezko Globoa eman zioten. Horren ondorioz, Pretty Woman film arrakastatsuan lan egin ahal izan zuen Richard Gere aktorearekin batera.
Arrakasta handiko ibilbidea hasi zuen Etsaia Ohelagun (1991), Hook (1991), Pelikano txostena (1991) eta Something to talk about (1995) lanei esker. Hasierako urteak oso gozoak izan ziren, beraz, eta kultuzko zinemagileekin lan egin zuen; Woody Allenekin, esaterako, Everyone says I love you (1994) filmean.
Publiko zabalari zuzendutako pelikulak egin ditu. Komedia erromantikoekin hasi eta, denborarekin, gizartearekin konpromiso handiagoa duten pertsonaiak hautatzen joan da. Honela, emakumezko aktore onenaren Oscar saria irabazi zuen 2000. urtean, Erin Brockovich filmean egindako lanagatik.
Besteak beste, Richard Gere, Denzel Washington, Dustin Hoffman, Edward Norton, Natalie Portman, Drew Barrymore, Cameron Diaz, Mel Gibson, Susan Sarandon, Ed Harris, Hugh Grant, George Clooney, Brad Pitt, Matt Damon, Andy Garcia eta Javier Bardem aktore ezagunekin egin du lan.
Gaur egun zinema aretoak betetzeko gai den aktore bakarrenetakoa izanda, Hollywoodeko ikono bilakatu da. Horregatik, aktore errentagarrienen zerrendako goi postuan dago.
Zineman egindako ibilbide handia aitortzeko, Donostiako Nazioarteko Zinemaldiak Donostia Saria 2010 Julia Roberts aktoreari ematea erabaki du.
Julia Roberts aktorearen film esanguratsuenetako batzuk:
Etsaia Ohelagun (1991), Hook (1991), Pelikano txostena (1991), Prêt-À-Porter (1994), Something to talk about (1995), Everyone says I love you (1996), Nire lagun minaren ezkontza (1997), Conspiracy Theory (1997), Notting Hill (1999), Emaztegaia ihesi (1999), Erin Brockovich (2.000), The Mexican (2001), America''s Sweethearts (2001), Ocean’s Eleven (2001), Confessions of a Dangerous Mind (2002), Closer (2004), Ocean´s Twelve (2004), Eat Pray Love (2010).