Zinemaldia
Zinemaldia
Euskal zinemaren egun handia, Zinemaldiaren seigarren jardunaldian
Erredakzioa
Alex Angulok Zinemira Saria jasoko du gaur gauean, Victoria Eugenia Antzokian egingo duten ekitaldian. Sail Ofizialean, Naomi Kawasen 'Genpin' eta Agustí Villalongaren 'Ogi Beltza' aurkeztuko dituzte.
Donostiako Zinemaldiak eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak antolatzen dute, Zinemira-Euskal Zinemaren Panorama EITBren babesarekin. Zinemaldiaren programazio orokorraren barruan dago, eta bertan bildutako filmak Zinemaldi osoan zehar proiektatzen ari dira. Gainera, euskal zinemagintzan garrantzia duen artista baten ibilbidea nabarmentzen du urtero Zinemira Sariak. Aurtengoa Alex Angulo aktorearentzat izango da.
Alex Angulok (Erandio, 1953) Imanol Uriberen Segoviako ihesa (1981) lanarekin ekin zion zinema munduari. Uribek berak jaso zuen joan den urtean Zinemira Saria. Alex de la Iglesiarekin El día de la bestia egin zuen Angulok 2005ean, eta, lan honekin, Goya sarietarako izendatu zuten aktore onenaren atalean. Orduan hasi zen telebistan, zineman eta antzerki munduan aritzeko gidoiak jasotzen. Periodistas telesailean egindako Blas Castelloteren paperak egin zuen ezagun Espainia mailan. Zinemira saria jasotzeaz gain, aurtengo Zinemaldiko Sail Ofizialean ere badabil Angulo, Óscar Aibar zuzendariaren Vazquez handia pelikularekin.
Sail Ofiziala
Naomi Kawasen Genpin eta Agustí Villalongaren Ogi Beltza filmak aurkeztuko dituzte gaur Sail Ofizialean. Kawasek Canneseko Caméra d’Or saria eskuratu zuen Moe no Suzako (1997) lanarekin, eta hamar urte geroago Epaimahaiaren Sari Berezia ere lortu zuen Mogari no More pelikulari esker. Zinemaldiaren Sail Ofizialean estreinakoz dabil aurten, jaiotzaren eta heriotzaren inguruko film batekin. Jaiotzaren, heriotzaren, jaiotzean eta jaio aurretik bukatzen den heriotzaren inguruko hausnarketa egiten du zuzendari japoniarrak.
Emili Teixidor Kataluniako idazlearen izen bereko eleberrian oinarritzen da Ogi Beltza lana, eta Laia Marull (2003ko Zilarrezko Maskorra Te doy mis ojos lanarekin), Eduard Fernandez eta Sergi Lopez aktoreak ditugu protagonista. Kataluniako landa inguruetan, gerra osteko urte latzetan, galtzaileen aldean dagoen Andreu haurrak aita-semeak aurkituko ditu hilik basoan. Agintariek haurraren aitari egotzi nahiko diote aita-semeen heriotza, baina haurra, aitari laguntzeko, nork hil zituen jakiten saiatuko da.