Itxi

Zinemaldia

4. jardunaldia Zinemaldian

Julia Robertsek Donostia Saria jaso du

Erredakzioa

Estatubatuarrak irribarretsu eta hunkituta jaso du saria, Javier Bardemen eskutik. 'Jan, errezatu, maitatu' filmeko protagonistek agerian utzi dute euren arteko adiskidetasun eta mirespena.

Zinemaldiko Donostia Saria 2010 jaso du gauean Julia Roberts aktoreak, Jan, errezatu, maitatu filmean lankide izan duen Javier Bardem eskutik. Julia Robertsek saria eskertu du, eta Donostiarentzat, Bardementzat eta pelikularentzat berarentzat hitzak izan ditu. Aktorearen arabera, azken film horrek bizitza aldatu dio. Senarrari eskerrak eman ostean, bere ibilbide profesionala laburbiltzeko esaldi bat erabili du: "Elefante bat zizelkatzeko bloke handi bat hartu eta behar ez duguna kentzen joan behar gara. Hori da nire ibilbidean egin dudana, hor egon beharko ez lukeena kentzen joan naiz ".

Olaziregui gogorarazi dute ekitaldian

Zinemaldiko alfonbra beltzetik pasatu eta gero, aurreko ekitaldietako sarituak gogoraraziz hasi da Donostia Saria emateko zeremonia. Jan, errezatu, maitatu lana aurkeztu ostean, Javier Bardem igo da agertokira eta Robertsen lana goraipatu du. Era berean, Mikel Olazireguik Zinemaldiko zuzendari gisa egindako lana eskertu du Bardemek (izan ere, kargua utziko du aurten) eta Jose Luis Rebordinosi ongietorria eman dio (berak hartuko du datorren urtean Olazireguiren lekua).

Donostia Saria

1986an sortu zen Donostia Saria, eta horrekin zine munduko izar handi bat omentzen du Zinemaldiak urtero. Azken edizioetan hauek izan dira saridunak: Richard Gere eta Liv Ullman (2007), Meryl Streep eta Antonio Banderas (2008) eta Sir Ian McKellen (2009).

Jan, errezatu, maitatu lana, Sail Ofizialean

Donostia Saria emateko ekitaldi horretan, gainera, Jan, errezatu, maitatu filma ikusteko aukera izan da. Julia Robertsen azken pelikula dugu, eta Sail Ofizialean aurkeztu da lehiaketaz kanpo. Ryan Murphyren zuzendaritzapean, Robertsekin batera, Javier Bardem dugu film honetan protagonista, eta hirurak izan ditugu gaur eguerdian filma aukezteko egin duten prentsaurrekoan.

Elizabeth Gilbert kazetari eta idazlearen izen bereko eleberrian oinarritutako film honetan, senarra utzi eta Indiatik bidaia espiritual bat egiten duen emakume baten istorioa kontatzen du. Irailaren 24ean estreinatuko da Espainiako zinema-aretoetan.


&' || 'nbsp;