Zinemaldia
Hirugarren jardunaldia
Peter Mullan eta Raul Ruiz, Zinemaldiko Sail Ofizialean lehian
Erredakzioa
Mullan britainiarra 'Neds' filmarekin estreinatuko da Sail Ofizialean, eta Raul Ruiz, aldiz, 'Lisboako misterioak' lanarekin itzuli da Donostiara.
Mullan zuzendari, gidoilari eta aktore britainiarra Neds lanarekin arituko da Donostiako Sail Ofizialean estreinakoz. John McGill gaztea da film honetan protagonista. Mutiko azkar eta sentikorra da John, eta ikasteko gogo handia ere badu, baina guztia dauka kontra. Irakasleek Benny bere anaia zaharrenak eginiko ''''bekatuengatik'''' zigortzen dute, eta bera ere Ned izenaz ezagutzen dituzten gazte gatazkatsuen taldeko kidetzat hartzen dute. Ned terminoak (''''Non Educated Delinquent'''' hitz ingelesen akronimoa) hezi gabe dauden delitugileak aipatzeko erabili ohi da. Orphans (1997) izan zen Peter Mullanen lehen film luzea eta Venezian, Parisen eta Gijonen saritu zuten. The Magdalene Sisters izan zen bigarren lana, eta Veneziako Urrezko Lehoia eskuratu zuen 2002an.
Raul Ruiz, bestalde, Lisboako misterioak lanarekin itzuli da Donostiara. Abenturak, ihesaldiak, kointzidentziak, ustekabeak, sentimenduak, pasio bortitzak, mendekuak, amodioa... Denetarik izango dugu lan honetan, Pedro da Silva umezurtzaren eskutik. Ez du lehen bisita Ruizek Zinemaldian. 1994an Fado mayor y menor lanarekin izan genuen, eta hiru urte geroago Urrezko Hartza irabazi zuen Berlinen.
Lehiaketaz kanpo
Igandeak estreinaldi berezia ekarriko digu Zinemaldira. Pasqual Maragallek eta senideek Alzheimerraren kontra egiten duten lana erakutsiko digu Bizikleta, koilara, sagarra filmak. Carles Bosch zuzendariaren kamerak bi urte eman ditu Maragallen eta horren senideen egunerokoa jasotzen. Adimena, zintzotasuna eta umore ona erabiliz, Maragallek bertan egoteko baimena emango digu eta senide eta medikuekin ikusiko dugu, gaitzari aurre egiteko eguneroko borroka erakusteko.
Beste proposamen batzuk
Horizontes Latinos sailean Norberto apenas tarde (Daniel Hendler) eta A tiro de piedra (Sebastián Hiriart) ibiliko dira lehian; eta, Zabaltegina, aldiz, Bal / Honey (Semih Kaplanoglu), Smukke mennesker / Nothing''s All Bad (Mikkel Munch-Fals), Izarren argia ( Mikel Rueda) eta Yves Saint Laurent, l''amour fou, (Pierre Thoretton).
Txikienek hitzordua dute berriz belodromoan, oraingoan Eneko Dorronsororen TTAUP, TTAUP! Arraun kolpeka lanarekin.
Hirugarren jardunaldia Made in Spain sailak, Don Siegelen inguruko atzerabegirakoak eta .doc- Ez fikzioaren bide berriak sailak osatuko dute.
&' || 'nbsp;