Zinemaldia
Bigarren jardunaldia
Vazquez marrazkilariaren bizitza, Zinemaldiko Sail Ofizialean
Erredakzioa
Oscar Aibarren laugarren lana da 'Vazquez handia', eta Santiago Segura eta Alex Angulo ditu protagonista. Rodrigo Cortesen 'Buried' Zabaltegin izango da. Zinemiran 'Amerikanuak' estreinatuko dute.
Manuel Vazquez Gallego espainiar marrazkigilea izango da izen nagusietako bat Donostiako Zinemaldiko bigarren jardunaldian. Gaur aurkeztuko da bertan Vazquez handia filma, lehiaketan parte hartzen duen Espainiako lau filmetako bat. Oscar Aibar zuzendariaren laugarren film luzea da, eta frankismo garaian Bruguera argitaletxeko marrazkilari nabarmenenaren bizitzan dago oinarrituta. Gilda ahizpen, Anacletoren eta Cebolleta familiaren egilea dugu Vazquez. Santiago Segura, Alex Angulo eta Enrique Villen dira film honetan protagonistak, eta komedia tankerako biopic berezia da, ukitu garratzak ere badituena.
Kim Jee-Woonren Deabrua ikusita nago filma ere aurkeztuko dute larunbat honetan Sail Ofizialean. Plazer hutsagatik jendea erailtzen duen Kyung-chul psikopata arriskutsuaren historia kontazen digu lanak. Kim Jee-Woon Canneseko Sail Ofizialean egonda dago, A Bittersweet Life (2005) eta The God, The Bad and the Weird (2008) lanekin. The Foul King (2000) eta A Tale of Two Sisters (2003) filmak ere bereak dira.
Ikusmin handia piztu duten lanak, Zabaltegin eta Zinemiran
Rodrigo Cortesek zuzendutako Buried filma izango da gaur ikusgai Zabaltegi atalean. Paul Conroy kontratista zibila da Iraken. Goiz batean zurezko hilkutxa zahar batean esnatuko da, bizirik lurperatuta. Ez daki nork jarri duen han, eta are gutxiago zergatik, baina badaki amesgaizto horretatik ateratzeko aukera bakarra telefono mugikorra dela. Sundanceko, Deauvilleko eta Torontoko jaialdietan hartu du parte lan honek.
Amerikanuak dokumentala da aurtengo Zinemaldian ikusmin handiena piztu duen estreinaldietako bat. Nacho Reig eta Gorka Bilbao zinemagileek zuzendutako lana Ameriketako Estatu Batuetako mendebaldean bizi diren etorkin euskaldunen berri ematen digu. Filmak herrimina, atzerriko herrialde batean bizitza duina izateko borroka eta komunitate bateko kide sentitzea ditu ardatz, eta abiapuntu hori duela, munduko euskal diasporaren zati baten egoera erakutsiko du, ikuspuntu errealista batetik begiratuta. Filmaren soinu-banda Audience taldeak egin du, eta gernikarrek hilaren 20an kaleratuko dute lan berri hori.
Bigarren jardunaldia Made in Spain sailak, Don Siegelen inguruko atzerabegirakoak eta .doc- Ez fikzioaren bide berriak sailak osatuko dute.
&' || 'nbsp;