Zinemaldia
Zinemaldia
Zinemirak bost film estreinatuko ditu eta Álex Angulo omenduko du
Erredakzioa
'Amerikanuak', 'Prohibido Recordar', 'La plaza de la música', 'Sagarren denbora. 25 urte deserritik itzultzen' eta 'Ttaup, Ttaup! Arraun kolpeka' filmak estreinatuko dituzte.
Donostiako Zinemaldiko ''Zinemira'' sailak bost film estreinatuko dituela iragarri du eta zortzi pelikula eskainiko ditu guztira. Gainera, Alex Angulok Zinemira saria jasoko du Euskal Zinemaren Galan, irailaren 22an Victoria Eugenia Antzokian.
Euskal Zinemaren Panoramak aurten Euskal Herrian ekoitzi diren lanik esanguratsuenen panoramika eskainiko digu bigarren urtez. Gainera, edizio honetan, ez fikziozko zinemak garrantzi berezia izango du.
Zinemira-Euskal Zinemaren Panorama Donostia Zinemaldiak eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak antolaturiko atala da, EITBren babesletzarekin. Saila Zinemaldiaren programazio orokorraren barruan dago eta bertan bildutako filmak edizio osoan zehar proiektatuko dira.
Bi ataletan dago egituratuta: estreinaldiak eta urteko ekoizpenak. Zinemira sailaren ekitaldi nagusia Euskal Zinemaren Gala da. Gala horretan Zinemira saria emango zaio euskal zinemako pertsonalitate garrantzitsu bati.
Bestalde, Zinemiraren programazioak Kimuak 2010eko katalogo berriaren lehenengo proiekzioa ere izango du, urteko euskal film labur onenen aukeraketa biltzen duena. Kimuak Eusko Jaurlaritzaren programa da eta Euskadiko Filmategiak kudeatzen du. Haren helburua euskal film laburrak sustatzea eta munduan zabaltzea da. Proiekzio hori profesionalentzat baino ez da izango.
Euskal Zinemaren Gala eta Zinemira Saria
Euskal Zinemaren Gala Victoria Eugenia Antzokian egingo da, irailaren 22an. Txaber Larreategik eta Josu Martínezek zuzenduriko Prohibido recordar/ Debekatuta dago oroitzea filma estreinatuko da galan.
Álex Angulo aktoreak Zinemira Saria jasoko du aurtengo edizioan Victoria Eugenia antzokian egingo den Euskal Zinemaren Galan. Sari horrek, euskal zinemarentzat garrantzia duen artista baten ibilbidea nabarmentzen du. Zinemaldiko Sail Ofizialean Óscar Aibar zuzendariaren El Gran Vázquez filma aurkeztuko du.
ESTRENALDIAK
PROHIBIDO RECORDAR / DEBEKATUTA DAGO OROITZEA (Euskal Zinemaren Gala)
Zuzendaria: Txaber Larreategi, Josu Martínez
AMERIKANUAK
Zuzendaria: Nacho Reig
LA PLAZA DE LA MÚSICA (MUSIKA PLAZA)
Zuzendaria: Juan Miguel Gutiérrez
SAGARREN DENBORA. 25 URTE DESERRITIK ITZULTZEN
Zuzendaria: Josu Martínez, Txaber Larreategi
Parte-hartzaileak: Kristiane Etxaluz, Alfonso Etxegarai
TTAUP, TTAUP! Arraun kolpeka
Zuzendaria: Eneko Dorronsoro
URTEKO EKOIZPENAK
80 EGUNEAN
Zuzendaria: Jon Garaño, Jose Mari Goenaga
Antzezleak: Itziar Aizpuru, Mariasun Pagoaga, Jose Ramón Argoitia, Zorion Egileor, Ane Gabarain
MUGALDEKOAK
Zuzendaria: Fernando Bernués, Mireia Gabilondo
Antzezleak: Mireia Gabilondo, Isidoro Fernández, Matxalen de Pedro, Iñaki Beraetxe, Sara Cozar, Iñaki Ricarte
SIMPLEMENTE
Zuzendaria: Jon Andueza
Parte-hartzaileak: Dani Loredo, Ana Mota, Saioa Larrea, Alberto Hermoso, Urtzi Urrutia, Iñigo Hermoso