Zinemaldia 2024
Sail Ofiziala
Susanne Bier, Anahí Berneri eta Gabe Ibañez, Urrezko Maskorraren bila
Erredakzioa
Anahi Berneri, Susanne Bier, Maxime Giroux, Cristian Jimenez, Cédric Kahn eta Gabe Ibañez zinemagileak 62. Zinemaldiko Sail Ofizialean izango dira, gaur iragarri dutenez.
Nazioarteko beste hainbat zinemagilek ere Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean aurkeztuko ditu bere pelikulak. Film horiek guztiak, aurretik iragarritakoekin batera, Urrezko Maskorra lortzeko lehiatuko dira. Laster, Sail Ofiziala osatuko duten pelikula gehiago baieztatuko ditu.
Anahí Berneri zuzendari argentinarra berriz lehiatuko da Sail Ofizialean, Aire Libre 2012an Europa-Latinoamerika I. Koproduzio Foroan parte hartu zuen filmarekin. Lucía eta Manuel senar-emazte gazteek ahaztuta dituzte, antza, biak elkartu zituzten proiektuak eta desioak. Banandu ostean, Lucía eta Manuel berriro elkartuko dira beren desioekin, baina, aldi berean, urrutiratu egingo dira. Nerabe sentitzen dira, eta heldugabe direla ikusiko dute. Biak batera babestuko dituen teilatuperik gabe, kale gorrian, ez dute asmatuko etxera nola itzuli.
Gabe Ibáñezek Automata Antonio Banderas protagonista duen thriller futurista egin du. Polizia-generoaren eta westernaren arteko fikziozko pelikula da, eta Singulartasun Teknologikoa du ardatz; Adimen Artifiziala giza adimenaren mailara iritsi eta gaindituko duen uneaz espekulatzen du teoria horrek.
En Chance til / A second chance lanean, Susanne Bier 2011n In a Better World filmarekin atzerriko film onenaren Oscar saria irabazi zuen zuzendariak eta Anders Thomas Jensen gidoilariak drama hunkigarria sortu dute, beldurtuta gaudenean, bizitza kinka larrian ikusten dugunean, justiziaren balioa zein erraz gal dezakegun kontatzeko. Egoera sinesgaitzetan dagoen jende arruntari buruzko istorioa da.
Maxime Giroux zuzendari kanadarrak Felixen eta Meiraren arteko maitasun istorioa kontatuko digu Félix eta Meira hirugarren film luzean. Sosik gabeko frantses-kanadar eszentrikoa da Félix, aita diruduna hiltzear daukana. Meira, berriz, judu jasidiko ezkondua da, seme baten ama.
La voz en Off lanarekin, Cristian Jimenez zuzendari txiletarra Donostian izango da berriro, Sofiaren istorioa kontatzen: 35 urteko emakume honi dena gaizki atera zaio. Duela gutxi banandu denez, bakean egon nahi du, eta isiltasun-botoa egitea erabakiko du: urtebete mugikorrik, telebistarik, Internetik eta irakurketarik gabe. Bakeak, ordea, ez dio asko iraungo.
Vie sauvage Cédric Kahn zuzendari frantziarraren pelikula berria Philippe Fournierren bizitzaren ingurukoa da. Gizon horrek bi semeekin bizitzea eta amari ez itzultzea erabaki du, amak zaintza lortu ondoren. Haurrek ezkutuan bizi beharko dute.
Sail ofiziala
Gaur iragarritako film hauek Bille August, Mia Hansen-Løve, François Ozon, Christian Petzold, Michaël R. Roskam, Shim Sung-bo eta Michael Sturminger zuzendarien lanei eta Jon Garaño eta Jose Mari Goenagarenari (Loreak), Alberto Rordiguezenari (La isla mínima) eta Carlos Vermutenari (Magical Girl) batuko zaizkio Urrezko Maskorrerako lehian. Horiez gain, lehiatik kanpo, Lasa eta Zabala (Pablo Malo), Murieron por encima de sus posibilidades (Isaki Lacuesta) eta The Equalizer Denzel Washington Donostiara ekarriko duen filma egongo dira jaialdiko atal nagusian.