Itxi

Zinemaldia 2024

Saria

Denzel Washingtonek Donostia Saria jasoko du Zinemaldian

Erredakzioa | eitb.com

Antoine Fuquak zuzendutako "The Equalizer" filmaren Europako estreinaldiarekin, zinemaren topagunea zabalduko du Washingtonek.

  • Denzel Washington. Argazkia: Columbia.

    Denzel Washington. Argazkia: Columbia.

The Equalizer (Antoine Fuqua) Denzel Washington protagonista duen filmak emango dio hasiera, lehiaketaz kanpo, aurten Donostiako Zinemaldiari, irailaren 19an. Aktoreak eta zuzendariak aurkeztuko dute filma, Kursaal auditoriumean.

Aktore newyorktarrak zabalduko du, hortaz, Donostiako zinema jaialdia. Inaugurazio ekitaldi horretan, Donostia Saria emango dio Zinemaldiak, bere ibilbidea aintzat hartze aldera.

Denzel Washington Mount Vernonen (New York) jaio zen eta interpretazio arloko lehenengo pausoak Kazetaritzako ikasketak egiten ari zela eman zituen, unibertsitateko zenbait antzezlanetan parte hartuz. Aktore profesional izatea erabakita, American Conservatory Theatre konpainian sartu zen, eta luze gabe telebistan lanean hasi zen, Wilma telesailean, 1977an. Zinema munduan 1981ean hasi zen, Carbon Copy komediarekin, baina Philip Chandler doktorea haragituz egin zen ezagun, St. Elsewhere telesailean. Rol hori sei urtez interpretatu zuen. Era berean, zineman gero eta presentzia handiagoa izan zuen, Norman Jewisonen A Soldier's Story (1984) filmari esker, baita For Queen and Country (1988) eta Cry Freedom (1987) filmetan egin zuen interpretazioagatik ere. Azken pelikula horretan egindako lanari esker, antzeztaldeko aktore onenaren Oscar sarirako lehenengo izendapena lortu zuen.

Edward Zwick zuzendariaren Glory (Ospe garaiak, 1989) filmarekin lortu zuen ospea, antzeztaldeko aktore onenaren Oscar saria irabazita. Orduan, garai hartako zuzendari garrantzitsuenetako batzuekin lan egiten hasi zen: Mira Nair (Mississippi Masala, 1991), Spike Lee (Mo' Better Blues, 1990; Malcolm X, 1992), Kenneth Branagh (Much Ado About Nothing, 1993), Alan J. Pakula (The Pelican Brief / Pelikano txostena, 1993), Jonathan Demme (Philadelphia, 1993) eta Tony Scottekin (Crimson Tide / Marea gorria, 1995), besteak beste. Hiru hamarkadatik gorako ibilbide sendoan, film askotako protagonista ere izan da Washington, ondorengo zuzendarien gidaritzapean: Ridley Scott (American Gangster, 2007), Robert Zemeckis (Flight, 2012), Norman Jewison (The Hurricane / Hurakana, 1999), Jonathan Demme (The Manchurian Candidate, 2004) eta Spike Lee (He Got Game, 1998; Inside Man / Ezkutuko plana, 2006).

2001ean, Antoine Fuquaren Training Day filmean jokatu zuen Alonzo Harris polizia bortitzaren rolari esker, gizonezko aktore onenaren Oscar saria jaso zuen Washingtonek. Bigarren estatuatxo horrez gain, gizonezko aktore onenaren sarirako hiru izendapen lortu ditu, Malcolm X, The Hurricane eta Flight filmengatik. Bi Urrezko Globo irabazi ditu (multzoko aktore onenarena, Glory filmagatik, eta gizonezko aktore onenarena, The Hurricane filmagatik) eta sari horretarako beste bost izendapen lortu. Berlingo zinema-jaialdian ere saritu dute haren talentua: 1993an, gizonezko aktore onenaren Urrezko Hartza lortu zuen, Malcolm X filmagatik, eta 2000n, The Hurricane filmagatik. Gainera, 2010ean, Tony sari entzutetsua eskuratu zuen, Fences antzezlanagatik, eta afroamerikarrek zineman egindako lana saritzen duen Black Reel Award bost aldiz irabazi du. Bere ibilbide osoan eskuratu dituen sari eta aintzatespen ugarien artean, ohorezko sariak ere nabarmentzen dira: Britainia Handiko Zinema eta Telebista Akademiaren (BAFTA) Britannia Award eta Sundance zinema-jaialdiko Tribute to Independent Vision Award, esaterako.

The Equalizer

The Equalizer Antoine Fuquaren film berria da. 2001ean, Training Day filma zuzendu zuen Fuquak, Denzel Washington protagonista zuela. Hamahiru urte geroago, Washingtonek eta Fuquak berriz ere bat egin dute, Espainiar Estatuan urriaren 17an estreinatuko den filmean.

Denzel Washington McCall pertsonaia da, bere iragan misteriotsua atzean utzi duela pentsatuz bizimodu berri bat hasi duen gizona. Baina McCallek Teri (Chloë Grace Moretz), gangster errusiar ezin bortitzagoen kontrolpean dagoen neska gaztea, ezagutu ondoren, ezingo du ezer egin gabe geratu; lagundu beharra sentituko du.