Zinemaldia
ZINEMALDIA
Asteburuak Zinemaldia berotuko du
Erredakzioa
Asteburuarekin, proposamen interesgarrienak heldu dira Zinemaldira. Sail garrantzitsuenek estreinaldiak aurkeztuko dituzte. Gainera, Zipi eta Zaperen abentura berriak Belodromora helduko dira.
-
Zinemaldiak programazio mardula dauka lehen larunbat honetan. Argazkia: Efe.
Lehen asteburura heldu da Zinemaldira: egunotan, hiria bisitariz beteko da eta zinema-aretoetan proiekzio andana izango da.
Horrela, 09:00etan, "Enemy" espainiar-kanadiar thrillerra estreinatuko dute, Jake Gyllenhaal aktore estatubatuarrarekin eta Isabella Rosellinirekin, Denis Villeneuvek zuzendua. Kursaalen izango da estreinaldi hori, eta bertara helduko da, baina 12:00etan, Mariana Rondon venezuelarraren "Pelo Malo" ere. Bi film horiek dira Sail Ofizialean helduko diren estreinaldiak.
Gainera, "Zipi y Zape y el club de la canica" lana estreinatuko dute: zita belodromoan izango da, 18:30ean gaztelaniazko bertsioan (ingelesezko azpitituluekin). Gainera, euskarazko pase berezi bat izango da, 17:00etan, Principe aretoetan. Oskar Santosek zuzendu du pelikula, EITBren parte-hartzearekin.
Victoria Eugenia antzokian eta Kursaalen Hirokazu Kore-eda zuzendariaren lan berria estreinatuko dute, "Soshite chichi ni naru / Like Father, Like Son", Canneseko azken zinemaldian Epaimahaiaren Saria eskuratu zuen lana. Sail berean, Perlaken, Terry Gilliamen "The Zero Theorem" proiektatuko dute.
Bestalde, Zinemira sailean "Esbastika bat Bidasoan" Alfonso Andresen eta Javier Barajasen lana estreinatuko dute. Euskadik naziak zelan erakarri zituen, lurralde honetarako sentitzen zuten erakarpena eta hemen egin zituzten egonaldiak kontatzen ditu dokumentalak.
Savage Cinema
Gauerditik aurrera, Antzoki Zaharrean, "Spirit of Akasha" filmaren munduko estreinaldia izango da. Filma uneko surflari eta musikari handienetako batzuen lankidetzaren emaitza da, eta "Morning of the Earth" surfaren klasikoaren berrinterpretazioa, 40 urte geroago. Warner Music Australiari esker, filmak soinu-banda zoragarria du. Bertan artista handiek parte hartu dute, besteak beste Ben Howard, Andrew VanWyngarden (MGMT), Chris Robinson (Black Crowes), Atoms for Peace (Thom Yorke), Xavier Rudd eta Angus Stonek, eta proiekturako propio sortu dituzte hainbat gai.
Zuzendaria, Andrew Kidman (surf kultura garbieneko egungo sortzaile garrantzitsuenetako bat) eta filmeko protagonista diren surflarietako batzuk Antzoki Zaharrean izango dira filma aurkezteko. Saio oso berezia izango da, eta "Morning of the Earth" ikusten dugun bitartean Odei taldea entzuteko aukera izango da, zuzenean soinu-banda harrigarria interpretatzen.