Itxi

Zinemaldia

Jaialdia

Atom Egoyan, Spielmann eta Žbanic, Zinemaldiko Sail Ofizialean

Zuzendarien film berriak ikusgai izango dira irailaren 20tik 28ra: "Devil's Knot", "For those who can tell no tales" eta "October November", hurrenez hurren.

  • Atom Egoyanen 'Devil's Knot'. Argazkia: Zinemaldia

    Atom Egoyanen 'Devil's Knot'. Argazkia: Zinemaldia

Atom Egoyan, Götz Spielmann eta Jasmila Žbanic zuzendariak Donostia Zinemaldiaren 61. edizioko Sail Ofizialean izango dira irailaren 20tik 28ra.

Hiru izenburu batu zaizkie Donostia Zinemaldiko lehiaketa ofizialeko partaide gisa aurretik iragarri genituen filmei. Nazioarteko hiru zinemagile entzutetsuren lan berriak dira.

Hauek dira Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean arituko diren lanetako batzuk:

Devil's Knot: Atom Egoyan (AEB)

Lau urte igaro dira Atom Egoyan Chloe filmarekin lehiatu zenetik, Zinemaldiaren 57. edizioan. Oraingoan bere lan berriarekin itzuli da. Misteriozko lan honek herri txiki batean eraildako hiru haurri buruzko egiazko kasua kontatuko digu. Colin Firth eta Reese Witherspoon dira filmaren protagonistak.

For Those Who Can Tell No Tales: Jasmila Žbanic (Bosnia-Herzegovina)

Jasmila Zbanic, Grbavica filmarekin Berlingo Urrezko Hartza (2006) irabazi zuen zinemagile bosniarra, Balkanetako gerraren iragan traumatikora itzuliko da Kym protagonistaren bitartez.

Oktober November / October November: Götz Spielmann (Austria)

Götz Spielmann zuzendari austriar entzutetsuak Oscar sarirako izendapena lortu zuen 2008an Revanche filmagatik. Oraingoan, gaur egun itxita dagoen Alpeetako ostatu batean hazi ziren bi ahizpari buruzko film berria aurkeztera dator.