Zinema
Greba
Emmy sariak datorren urtera atzeratuko dituzte aktore eta gidoilarien grebaren aurrean
N. V. | EITB Media
Sariak banatzeko gala irailaren 18rako zegoen aurreikusita, baina urtarrilera aldatzekotan dira, AEBetako hainbat hedabideren arabera.
-
2019ko Emmy saren gala. Argazkia: Efe.
Telebista Akademiak eta Fox kateak Emmy sariak emateko gala 2024ko urtarrilera atzeratzea erabaki dute, aktore eta gidoilarien sindikatuek martxan jarri dituzten greben aurrean, AEBetako hedabideek gaur iragarri dutenez.
The Hollywood Reporter hedabide espezializatuak dioenez, Emmy Primetime izena hartu duten urteroko sariak urtarrilera mugituko dituzte, irailaren 18rako programatuta bazeuden ere, baina oraindik ez dago data zehatzik.
Variety aldizkariak ere eman du atzerapenaren berri, eta erantsi du zerbitzu hornitzaileak jakinaren gainean jarri dituztela galaren antolatzaileek.
Aktore eta gidoilariek afiliatuei eskatu diete ez dezatela egindako lanaren publizitatea egin, eta, entretenimenduaren sektoreko sari banaketa batean, neurri horrek eragina izango luke, noski, galaren aurkezleengan, gonbidatuengan eta saridunengan.
2022an, Emmyen galako 25 sarietatik 16 aktore edo gidoilarientzat izan ziren, aldizkariak jasotzen duenez.
Aktoreek adimen artfiziala arautzea eskatzen dute, baita ordainsari handiagoak "streaming" zerbitzu batek ekoizpen bat merkatu berri batean saltzen duenero eta gutxieneko soldata handitzea ere, besteak beste.
Zinemaldia
Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariari ere galdetu diote grebak Donostiako jaialdian izan ditzakeen ondorioen gainean, eta esan du egoera ez dagoela erabat argi oraindik.