Itxi

Zinema

Golem zinema aretoetan

'Fant laburrean' lehiaketako 15 film laburrak, ostiralean ikusgai

Erredakzioa

Aurkeztutako 300 lanen artean aukeratu dituzte. 3.000 euroko bi sari eskuratzeko arituko dira lehian.

Ostiralean, maiatzak 6, Fant 17 jaialdian lehiatuko diren 15 film laburrak izango dira ikusgai Bilboko Alondegiko Golem zinema-aretoetan. Zinema fantastikoaren Bilboko jaialdiak 312 film labur jaso ditu aurten, eta horietatik 15 aukeratu dituzte, lehiaketan parte hartzeko. Lanek 3.000 euroko bi sari lor ditzakete: epaimahaiaren saria eta publikoaren saria.

Edizio honetan parte hartzen duten hainbat zuzendarik komunikabide aurrean aurkeztu dituzte beren lana.

Zoe Berriatuak Quédate conmigo film laburra aurkeztu du, eta Macarena Gomez filmeko protagonistarekin izan da Bilbon (''''La que se avecina'''' telesailean egin da ezagun Macarena Gomez). Hil zuten emakume baten inguruko istorio iluna da Berriatuarena, gutxienez bere hiltzailearen konpainia eskatzen duen hildako neska baten inguruko lana. Nazioarteko zenbait zinemalditan aurkeztu dute lana, tartean Sitgesen.

Sergio Colmenar zuzendaria eta Pablo del Barrio aktorea ere Bilbon izan dira, Sabrina lana aurkezteko. Umore beltza lantzen duen film laburra da, eta hainbat zinemalditan ere aurkeztu dute. Bost minutu baino zertxobait gehiagoko lana da, eta, norbaitekin egotea bilatzen duen gazte xume baten istorioa kontatzen digu: hirukote bitxi baten aurrean, dilema higuingarri bati aurre egin beharko dio.