Zinema
Emakume zinemagileak
NOKA laguntza, Estibaliz Urresola, Itziar Leemans eta Tamara Lucarini zinemagileei
eitb.eus
Epaimahaiak hiru zinemagile horien lanak, bi fikzio lan eta dokumental bat, aukeratu ditu emakume zinemagileentzako laguntza pertsonalizatuko programa horretan parte hartzeko.
-
Itziar Leemans, Tamara Lucarini eta Estibaliz Urresola zinemagileak
Maialen Belokik (Donostia Zinemaldiaren zuzendariordea), Pau Guillenek (Zinegoak zinema-jaialdiaren zuzendaria) eta Constanza Arenak (CinemaChile agentziaren zuzendari exekutiboa) osatutako epaimahaiak Estibaliz Urresolaren (Laudio, 1984), Itziar Leemansen (Donoibane Lohizune, 1983) eta Tamara Lucariniren (Basauri, 1987) proiektuak aukeratu ditu NOKA Mentoring programan parte hartzeko.
Euskadin errotuta dauden eta film luzeko proiektu zinematografikoak garatzen ari diren emakumezko zinemagileei laguntzeko tresna da NOKA emakume zinemagileentzako mentoring programa. Zinemagintzan ari diren profesionalen laguntza pertsonalizatua jasoko dute 17 ekoizpen lan artetik aukeratu dituzten hirurek, garatzen ari diren filmerako.
Estibaliz Urresolak 20.000 especies de abejas izeneko fikzio-proiektua aurkeztu du NOKA programara: Luciak bost urte ditu, eta eskola-jazarpena bizi du. Uda noiz iritsiko amorratzen dago; izan ere, gurasoak banandu ostean, amaren herrira joango da, Euskal Herrira, bizitza berri bati ekiteko irrikaz. Ez da, ordea, Luciak espero bezain erraza izango, ezta bere ama Mirenentzat ere. Familiaren etxera itzultzean, garai bateko gatazkak piztuko zaizkio Mireni bere amarekin, bi emakumeak elkarrekin etsaituz.
Itziar Leemansek Agurra aurkeztu du, fikziozko bere lehen film luzea. Pettan (45 urte) erizain alarguna da; depresioak jota bizi da gizona. Hamabost eguneko oporraldia ehizara joateko erreserbatuko du. Bere bi alabak ere, Maika (16 urte) eta Haize (10 urte), oporretan daude. Gatazkak ditu alaba zaharrenarekin, eta, horrez gain, gazteena bete-betean sartuko da ehiza-lurrean; horrek guztiak haren oreka hauskorra akabatuko du. Oroitzapen oso gogorrak etorriko zaizkio, eta ohartuko da zuzenean lotuta daudela emaztearen heriotzarekin.
Dokumentala, berriz, Tamara Lucarini zinemagileak defendatuko du. El Paso lanean, familiako kontakizuna egingo du zinemagileak. Aitona zena, Joaquín Lucarini eskulturagilea, orain 50 urte hil zen; ez zuen ezagutu, baina beti egon da presente bere bizitzan. Haren legatua itzaltzen ari da, eta Tamararen kontzientzian hura gordetzeko beharrizana ageri da. Obra eskultorikoa gordetzea ez da txantxetako lana; ez da erraza fisikoki maneiatzea. Hainbat arrazoi tarteko, saldu edo laga beharra sortzen da, hala nola bolumenak eraginda, lehendabiziko arduradunak zahartu izanagatik edota diru-iturriak murriztearen ondorioz. Hori dela eta, Lucarinik osabari dei egingo dio (hura ere eskulturagilea, «zortzigarren belaunaldikoa»), obra bat zer den, zer balio duen eta nola kudeatzen den jakiteko; eta, ondorioz, arteari buruzko hausnarketa egiteko eta eusten dion kontakizuna sortzeko.
NOKA prestakuntza programaren lehendabiziko etapa gidoia eta tratamendua egitera bideratua da, eta parte-hartzaileek Celia Rico (Viaje al cuarto de una madre), Meritxell Colell (Con el viento) eta Marina Stavenhagen (Viaje redondo) egileen laguntza izango dute.
Zuzendaritza-faserako (tonua, ikuspegi bisuala, ikuspuntua eta abar), Anahí Berneri (Alanis), Garbiñe Ortega (Punto de Vista zinema-jaialdiaren zuzendari artistikoa) eta Mercedes Álvarez (El cielo gira) izango dituzte lagun, apirilaren 8tik 12ra bitartean. Ekoizpen-etapari dagokionez, ekainaren 3tik 7ra bitartean, Itziar García Zubiri (Arena Comunicación), María Zamora (Avalon Producciones) eta Luisa Romeo (Frida Films) izango dira hautatutako mentoreak.
Laguntza-prozesuaren azkeneko zatia, filma nazioartean zabaltzeko eta banatzeko estrategiekin lotua, urrian izango da, Silvia Iturberen (aholkularia) eta Marta Articaren (Golem Distribución) eskutik.