Zinema
Urrezko eta Zilarrezko Hartzak
Hasi da lehia Berlinalen
Erredakzioa
Jeremy Irons eta Kevin Spacey aktore ezagunak ditugu protagonista ostiral honetan. Wall Street zakarrena dakarkigute Margin Call Berlinen aurkeztu duten pelikulan.
2011ko Berlinalen hasi da Urrezko eta Zilarrezko Hartzak eskuratzeko lehia. Atzo egin zuten inaugurazio ekitaldia, Coen anaien True gift lanaren aurkeztearekin batera. Gaur, ordea, Sail Ofizialeko pelikulen arteko lehia hasi da, eta Jeremy Irons, Kevin Spacey eta Zachary Quinton aktore ezagunekin ekin diote.
Margin Call lana aurkezteko daude Berlinen hiru izar estatubatuarrak. JC Chandor zinemagileak zuzenduta, Wall Street zakarrena dakarkigu pantaila
handira filmak. ''''Finantza sistemaren gehiegikeria islatu nahi genuen. Horrek ez du esan nahi, ordea, bertan murgilduta bizi direnak munstroak direnik.
Pertsonak dira'''', esan du JC Candor zuzendariak.
Aktibo toxikoak, broker-ak, erdi-mailako agintariak eta kezkarik gabeko nagusiak dira pelikula honetako osagaiak. Irons eta Spacey dirutza irabazi nahi baina daukatena nola gastatu ez dakiten gaztetxoen artean ibiliko dira. Lehman Brothersen garaiko Wall Streeterako bidaia proposatzen digu Margin Call lanak.
El Premio pelikula ere aurkeztu dute ostiral honetan Berlinalen. Paula Markovitch zuzendariaren lanak Argentinako diktaduraren ikuspuntu lazgarria dakarkigu. Hondartzako etxe batean bizi diren ama eta zazpi urteko alaba ditugu protagonistak. Kaleko jantzita egiten dute lo ama-alabek, haizea, harea eta itsasoko ura bera ere barrura sartzen uzten dituen etxe batean. Alabak, gainera, ikasi du zer erantzun eskolan aitari buruz galdetzen diotenean: ''''Gortinak saltzen ditu Buenos Airesen''''. Aitak, hala ere, ez ditu gortinak saltzen; desagertuta edo hilik dagoela susmatzen dute.
.