Zinema
Golardoa
Sade saria Pascal Gaigneri emango diote, bere ibilbideagatik
Agentziak | Erredakzioa
Zinema enpresak Donostian ezarritako frantses musikariari emango dio aurten saria, ehun soinu banda baino gehiago egin eta gero. Ostiralean jasoko du, Donostian.
-
Gaigne, 'Handia'gatik irabazitako Goya jasotzen.
Sade donostiar enpresak zinema arloan diharduten profesionalen lana aitortzeko urtero ematen duen saria Pascal Gaignerentzat izango da bosgarren edizio honetan, Donostian ezarritako frantses musikari honek ikus-entzunezko ehun ekoizpen baino gehiagorentzat egin dituen soinu bandak aintzat hartzeko.
Sariaren bidez, “musikariak zinemari egindako ekarpen garrantzitsua eta haren ibilbide profesionala” hartu nahi dituzte aintzat, “Handia” filmerako egindako lanagatik berriki Goya sari bat irabazita biribildutako bidea. Saria ostiralean jasoko du, Astoria 7 hotelean.
Gaigne hiru aldiz egon da Goya sarietarako izendatuta, eta, azkenik, “Handia” filmarekin lortu zuen saria.
Bere ibilbide musikalean hainbat zuzendarirekin aritu da lankidetzan Gaigne: Víctor Erice ('El sol del membrillo'), Daniel Sanchez Arevalo ('Azul oscuro casi negro' eta 'Gordos'), Iciar Bollain ('El olivo', 'Flores de otro mundo', 'Katmandú, un espejo en el cielo') eta Ramon Salazar ('Piedras', '20 centímetros'), besteak beste.
Esku artean, bi film ditu Gaignek egun, ‘La trinchera infinita’ Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren hurrengo filma eta ‘Remember me’, Brian Cox eta Bruce Dern protagonista dituen estatubatuar filma.