Zinema
Epailearen kautelazko neurria
'A Serbian film' pelikularen emanaldia, bertan behera Donostian
Erredakzioa
Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko arduradunek jakinarazi dutenez, ''Donostiako 4. Instrukzio Epaitegiak ebatzi du, kautelazko neurri gisa, pelikularen proiekzioa bertan behera uztea''.
Kautelazko neurri gisa, A Serbian film pelikularen emanaldia bertan behera geratu da Donostian. Gaur, osteguna, eskaini behar zuten filma Antzoki Zaharrean, eta bihar, ostirala, Victoria Eugenian, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen baitan.
Donostia Kulturak ohar batean jakinarazi duenez, ''''Donostiako 4. Instrukzio Epaitegiak ebatzi du, kautelazko neurri gisa, A Serbian film pelikularen proiekzioa bertan behera uztea, Kode Penalaren 189. artikuluan oinarrituta, sexu askatasunaren kontrako ustezko delitua betetzen duen edo ez erabaki arte''''.
Behin betiko ebazpenaren zain, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko zuzendaritzak epailearen erabakia ''''obeditu eta errespetatu'''' egiten duela adierazi du. Behin betiko ebazpena iritsi arte, ez du beste iritzirik plazaratuko. Sarrerak erosi dituzten ikusleek dirua eskuratzeko aukera izango dute, aipatutako bi antzokietako lehiatiletan.
Hautsak harrotuta iritsi da Donostiara A Serbian film lana. Zinema, erakusketa eta jarduera paraleloen artean daude astebetez Gipuzkoako hiriburuan, eta protagonismoa Sitgeseko Zinemaldian estreinatu zuten film batek izan du. Muturreko biolentzia, torturak eta sexu irudi bortitzak erakusten omen ditu filmak, eta horrek polemika ekarri du, halabeharrez. Halere, 2010eko ezusteko handienetarikoa izan da, erakutsi duten jaialdietan polemika sortu eta kritika onak jaso baitutu, aldi berean.
Internetera ere heldu da polemika, izan ere, Concha Garcia-Campoy eta Nacho Vigalondo zinemagilearen artean elkarrizketa beroa sortu da gai honen inguruan. Era berean, Jose Luis Rebordinos ''''A2'''' ETB-2ko saioan izan zen, A Serbian Film lanaren presentzia defendatzeko.
Bestalde, CONCAPA Ikasle eta Guraso Katolikoen Konfederazioak Srdjan Spasojeviren filma Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astetik kentzea eta zinema aretoetan ez ematea eskatu du.
Agiri batean, CONCAPAk pertsonen duintasunaren aurkako "atentatua" dela azaltzen du: "sexua eta muturreko biolentzia -esan dute-, bortxaketak eta umeen intzestua tartean", adierazi dute