Zinema
Sail Ofiziala
Felipe Cazalsen 'Chicogrande' filmak irekiko du Zinemaldia
Erredakzioa
Liu Hao zuzendariaren 'Addicted to Love', Kim Jee-Woonen 'Akma-reul Bo-at-da/I Saw the Devil', eta Sophie Heldman zuzendariaren 'Satte Farben vor Schwarz' ere Sail Ofizialean izango dira.
Mexikoko zuzendari garrantzitsuenetariko baten film batek irekiko du Zinemaldiaren 58. edizioa:&' || 'nbsp;Felipe Cazalsen Chicogrande. Mugaldeko western, abentura film eta kritika soziopolitiko ukituak dituen film historikoa.
Chicogranderen abiapuntua egiazko gertakizun bat da: Pancho Villak Mexiko Berriko Columbus herrixka inbaditu ondoren AEBetako tropek liderra akabatzeko asmoz egin zuten zigor espedizioa. Mexikon zein nazioartean ospe handia duen aktore bat, Damián Alcázar, dago aktore-zerrendaren buruan.
Felipe Cazalsek hainbat nazioarteko zinema jaialditan parte hartu du eta sari garrantzitsu ugari lortu ditu bere ibilbide luzean zehar. 1985ean Zilarrezko Maskorra irabazi zuen Los motivos de Luz filmarekin eta 1989an Zinemaldiko Epaimahai Ofizialeko kide izan zen.
Aurrekoan iragarri genuen Naomi Kawaseren Genpin lanaz gain, Asiako zinemak beste bi ordezkari izango ditu. Batetik, Addicted to Love, Liu Hao zuzendari txinatarraren hirugarren lana. Bestetik, nazioartean oso ezaguna den Kim Jee-Woon zuzendariaren Akma-reul Bo-at-da/I Saw the Devil izango dugu.
Satte Farben vor Schwarz Sophie Heldman zuzendari alemaniarraren opera primak Bruno Ganz eta Senta Berger ditu protagonista, eta 50 urte luzez elkarrekin egon den bikoteak gizonaren gaixotasunari nola egiten dion aurre kontatuko digu. Film hau, gainera, Kutxa - Zuzendari Berriak sailean ere lehiatuko da.
Antolatzaileek azaldu dutenez, izenburu hauek guztiak Zinemaldiak arestian iragarritako Sail Ofizialeko filmen zerrendari batuko zaizkio. Laster, Sail Ofiziala osatuko duten filmen izenburuak jakinaraziko dizkizuegu.
SAIL OFIZIALA
CHICOGRANDE (INAUGURAZIOA, LEHIAKETA BARRUAN)
Mexiko
Zuzendaria: Felipe Cazals
Antzezleak: Damián Alcázar, Daniel Martínez, Juan Manuel Bernal, Iván Rafael González, Tenoch Huerta, Patricia Reyes Spíndola
ADDICTED TO LOVE
Txina
Zuzendaria: Liu Hao
Antzezleak: Niu En Pu, Jiang Mei Hua
AKMA-REUL BO-AT-DA (I SAW THE DEVIL)
Hego Korea
Zuzendaria: KIM JEE-WOON
Antzezleak: LEE BYUNG-HUN, CHOI MIN-SIK
SATTE FARBEN VOR SCHWARZ (COLOURS IN THE DARK)
Alemania – Suitza
Zuzendaria: Sophie Heldman
Antzezleak: Senta Berger, Bruno Ganz, Leonie Benesch, Carina Wiese, Barnaby Metschurat, Thomas Limpinsel