Zinema
30.000 euro
Alex de la Iglesiak irabazi du 2010eko Zinematografia Sari Nazionala
Erredakzioa
''Espainiako zineman adostasunaren alde egindako lana'' saritu nahi izan du Kultura Ministerioak. Datorren irailean emango diote saria, Zinemaldiaren 57.edizioaren baitan.
Alex de la Iglesia (Bilbo, 1965) zuzendari, gidoilari eta Espainiako Zinema Akademiako presidenteak irabazi du 2010eko Zinematografia Sari Nazionala. Kultura Ministerioak ematen du urtero saria, aurreko 12 hilabeteetan ibilbide profesionalik bikainena izan duen profesionala saritzeko helburuarekin. 30.000 euro jasoko ditu bilbotarrak.
Zinemaren Akademiak ohar batean jakinarazi duenez, Alex de la Iglesiaren ''''ibilbide profesional eztabaidaezin, berritzaile eta hauslea'''' saritu nahi izan du Kultura Ministerioak sari honekin, ''''dudari gabe Espainiako zinemaren lengoia aberasten lagundu duen lana''''. Era berean, Akademiaren buru gisa Espainiako zineman adostasunaren alde egindako lana'''' ere azpimarratu du epaimahaiak.
Ignasi Guardans ICCA Zinematografia eta Ikus-entzunezko Arteetako Institutuaren zuzendari orokorra izan da epaimahaiko burua. Berarekin batera izan dira Rosario Alburquerque, Teresa Enrich, Ricardo Steinberg, Juan Carlos Cuello, Jesús Robles, Álvaro Augustín, Cayetana Guillén Cuervo, Virginia Yagüe, Chus Gutiérrez eta Maribel Verdú, joan den urtean saritua.
''''Pozik eta harro nago, ohore sinestezina delako'''', esan du Alex de la Iglesiak saria irabazi duela jakitean. ''''Lotsatuta nago, saria nik baino gehiago merezi duten bost lagun baitatozkit burura. Nire esker ona amaigabea da'''', gaineratu du.
Datorren irailean jasoko du saria, Donostiako 57. Zinemaldiaren baitan.