Itxi

Zinema

Elkarbizitza

Zinexitek emakumeek justiziaren alde egiten duten lana erakutsiko du

Agentziak | Erredakzioa

Elkarbizitzaranzko Zinema Erakusketaren zazpigarren edizioak lau film proiektatuko ditu azaroaren 14tik 17ra Azkuna Zentroan, Barakaldon, Sestaon, Basaurin eta Gasteizen.

  • "Marzia" filmak zabalduko du zinema zikloa

    "Marzia" filmak zabalduko du zinema zikloa

Zinexit Elkarbizitzaranzko Zinema Erakusketak emakumeek bakea eta justizia eraikitzeko egiten duten lana izango du ardatz zazpigarren edizioan, baita giza eskubideen defentsan eta, batik bat kontrako testuinguruetan, balioak transmititzeko gauzatzen duten zeregina ere.

Aurten, lau film eskainiko ditu Biktimen eta Giza Eskubideen Eusko Jaurlaritzaren Zuzendaritzak antolatzen duen zinemaldiak.

Pelikulok azaroaren 14tik 17ra ikusi ahalko dira Bilbon, Azkuna Zentroan, sarrera doakoa dela, eta, aurten lehenengoz, Barakaldon, Sestaon, Basaurin eta Gasteizen ere ikusi ahalko dira lanetako batzuk.

Astelehenean, hilak 14, “Marzia my friend” finlandiar dokumentala emango dute. Sari asko jaso dituen lanak 20 urteko afganistandar emakume baten istorioa kontatzen du: askatasuna, lan interesgarri bat eta maitasuna ditu helburu, baina, Afganistanen bizita, asmo horiek “iraultzaileak” diren jakitun da.

Hurrengo egunean, asteartearekin, “Taj Mahal” Nicolas Saad frantziar zuzendariaren lana ikusi ahalko da. Mumbain izen hori zeukan hotel baten aurka egindako eraso terrorista du kontagai, eta bere logelan bizirauteko borrokatuko den 18 urteko emakume frantziar baten bizipenak helarazten dizkio ikusleari.

Azaroaren 16an “The Trials of Spring” estatubatuar dokumentala erakutsiko dute, Kairon Tahrir plazako manifestazioak modu ezberdinetan bizi izan zituzten hiru emakumeren istorioa.

Azaroaren 17an, zinema jaialdia ixteko, “Ama, nora goaz” dokumentalaren estreinaldia prestatu dute. 1937an, senarrek Errepublikaren alde egiteko izena eman zutenean, etxetik bota zituzten mila gipuzkoar emakumeren istorioa kontatzen du lanak.