Zinema
ETBren partaidetza
'80 egunean' filma nazioarteko bi jaialditarako hautatu dute
Erredakzioa
Datozen hilabeteotan, Montrealgo nazioarteko zinemaldian (Kanadan) eta Karlovy Vary jaialdian (Txekian) hartuko du parte Jon Garañoren eta Jose Mari Goenagaren lanak.
Jon Garañoren eta Jose Mari Goenagaren 80 egunean filma nazioarteko bi zinema jaialditan parte hartzeko aukeratu dute: Kanadako Montrealgo nazioarteko zinemaldian eta Txekiako Karlovy Vary nazioarteko zinema jaialdian. ''A'' kategoria dute bi zinemaldiok, munduan 11 jaialdik bakarrik duten maila.
Nazioartean izen handiko zinemaldia da Montrealgoa, eta esparru internazionalean estreinaldiak egiteko leku egokia da film askorentzat. Abuztu bukaeran Focus on the World Cinema izeneko atalean hartuko du parte 80 egunean filmak.
Munduko zinemaldirik zaharrenetakoa da Karlovy Varykoa, eta Europa Ekialdean A kategoria duen bakarra. Aurten uztailaren 2tik 10era egingo dute jaialdia, eta Another View atalean izango da ikusgai film euskalduna.
Joan den maiatzaren 21ean estreinatu zen 80 egunean. Irusoin eta Moriarti etxeek ekoiztu dute, eta ETBren partaidetza izan du Jon Garañoren eta Jose Mari Goenagaren lanak. Bi emakumeren istorioan oinarritzen da 80 egunean; Axun (Itziar Aizpuru), 70 urteko emakumea, alabaren senar ohia zaintzera joango da ospitalera. Bere ezustekoan, ondoko gaixoa zaintzen duen emakumea Maite da, nerabezaroko lagun mina, 50 urte luzetan ikusi ez duena. Gaztetan zuten kimika oraindik bizirik dagoela sumatuko dute berehala. Axolagabe gozatu eta dibertitzen dira elkarrekin, Axun Maite lesbiana dela jabetzen den arte. Bere sentimenduei aurre egin beharko die Axunek: zer jarraitu, burua edo bihotza?