Zinema
Hurrengo filmean
Marion Cotillard eta Carla Bruni, Woody Allenen izar berriak
Erredakzioa
Sarkozyren emaztearen baiezkoaren ostean, Allen zuzendariarekin lan egingo duela baieztatu berri du Marion Cotillard frantses aktoreak. Parisen filmatzen hasiko dira datorren uztailean.
Woody Allen zuzendariaren proposamenari baietza eman dio Marion Cotillardek eta honen ondorioz, bere hurrengo filmean parte hartuko du. Cotillardekin batera, Frantziako lehenengo dama Carla Bruni izango da pelikulan, azken asteetan bere parte-hartzea konfirmatu ondoren.
Datorren uztailean Parisen hasiko dira filmea grabatzen. Momentuz, proiektuari buruz oso gutxi ezagutzen dugu, zinemagileak ez baititu tituluaren eta gidoiaren detailerik ezagutzera eman.
Le Parisien egunkariak argitaratu duen informazioaren arabera, Vicky Cristina Barcelona filmea ere egin zuen Mediapro produktore espainiarrak ekoiztuko du Allenen zinta berria.
Berrogei film estreinatu eta Hollywoodeko Zinema Akademiako hiru Oscar irabazi ditu dagoeneko Woody Allenek. Cotillardek, bestalde, Edith Piafen paperagatik beste Oscar saria ere eskuratu zuen. Gainera, Christopher Nolan zuzendutako Inception azken lana uda honetan estreinatzera doa.