Itxi

Zinema

Espainiako kritikarien sariak

'Negociador', komediarik onena Feroz sarietan

Agentziak | Erredakzioa

Zinema-Informatzaileen Espainiako Elkarteak Cobeagaren filma saritu du, eta “B, la película” David Ilundainen pelikulari zinemetan bide hobea mereziko zukeen lanarentzako sari berezia eman dio.

1:24

Zinema-Informatzaileen Espainiako Elkarteak “Negociador” Borja Cobeagaren filma izendatu du, bart Feroz sariak emateko eginiko ekitaldian, urteko komedia onena (ETBren parte-hartzea du). Ramon Barea protagonistak Jesus Eguiguren PSE-EEko politikariari eskaini dio saria; izan ere, berarengan oinarrituta dago ETAren eta Espainiako Gobernuaren ordezkarien arteko elkarrizketak umorez kontatzen dituen filmean Bilboko aktoreak gorpuzten duen pertsonaia.

Gainera, zinemetan bide hobea mereziko zukeen lanarentzako sari berezia “B, la película” David Ilundainen filmarentzat izan da. Barcenasen deklarazioan oinarrituta dagoen film politikoa egin ahal izateko dirua jarri zuten “600 emaileei” eskaini die saria zinemagile nafarrak, horri esker gauzatu ahal izan baitzuen filma.

Bestalde, Mario Casasek bigarren mailako gizonezko aktore onenaren saria irabazi du, “Mi gran noche” Alex de la Iglesiaren pelikulan egindako lanagatik.

“La novia”ren gau handia

“La novia” Paula Ortizen filma izan da Feroz sarien hirugarren edizioko irabazle nagusia, sei sari jasota. Besteak beste, film dramatikorik onenaren, zuzendari onenaren eta emakumezko aktore nagusi onenaren (Inma Cuesta) sariak bereganatu ditu.

Saria jasotzeko orduan, Ortizek esan du “Bodas de sangre” Federico Garcia Lorcaren eratorpen libre hau “aukera berrien bila eginiko jauzia” izan dela.

“Truman” Cesc Gayren filmak gidoi onenaren eta gizonezko aktore nagusi onenaren (Ricardo Darin) sariak bereganatu ditu.

.