Itxi

Zinema

Estreinaldia, gaur

'Miamin zestarekin gertatu zenak thriller baten gidoia dirudi'

Natxo Velez | eitb.eus

“Jai Alai Blues” dokumentala zesta-puntaren argi-ilunetan barrena murgiltzen da, Miamiko urte loriatsuetatik hasi eta gainbeherara heldu arte. Gaur estreinatuko dute, zinema aretoetan.

1:35

Blues musika tristezia sakonaren, malenkoniaren, estiloa da: estatubatuar beltzek asmatu zuten, XX. mende hasieran, norbaitek, diruzalekeriaren eta zikoizkeriaren deiari erantzunez beretzat hartutako agintearen tronutik ezarritako zigorrari soinu banda jartzeko.

Eta doinu goibelen oihartzun hori antzeman dakioke “Jai Alai Blues” Gorka Bilbaok eta Zigor Enbeitak sortutako dokumentalari: zesta-puntaren ertz guztiak pantailaratzen dira, hala nola 70eko eta 80ko hamarkadan Mexikon, Kuban zein Filipinetan ospe handitan eginiko urteak eta gero etorri zen gainbehera. Hori guztia protagonisten euren ahotsetan gorpuzten da.

Gorka Bilbao zuzendari eta sortzailekideak azaldu dizkigu sakonago lanaren nondik norakoak, solasaldi honetan.

Zelan sortu zen dokumentala egiteko ideia? Zer epe erabili dituzue burutzeko?

Zigor Etxebarria Berde Produkzioak etxeko bazkidea zesta-puntaren zale handia da. Txikitan, Jai Alai Gernikako eskolan aritu zen pilotan, eta, bertan, erretiroa hartutako pilotariek Miamiko frontoiko urte arrakastatsuez kontatzen zituzten istorioak entzuten zituzten.

Hortaz, beti ibili izan zaio buruan Jai Alairi buruzko dokumentala egiteko asmoa. Une egokia aurkitu zuenean, nirekin harremanetan jarri zen eta proiektua abiatu genuen.

Pilota beste toki askotara zabaldu zen, baina zuek 70eko eta 80ko hamarkadako Miamiko eszenari begiratu diozue batik bat. Zer dela eta?

Publiko zabalarentzako lan bat egin nahi genuen hasieratik, ez pilotazaleentzakoa, eta, ildo horretan, 70eko eta 80ko hamarkadan AEBn gertatu zena thriller baten gidoirako erabat egokia da.

World Jai Alai izeneko enpresa batek Jai Alai, NBA edo NFL bezala, AEBko toki guztietara zabaltzeko egitasmo erraldoia zuen. Floridan eta Connecticuten pilotalekuak zabaldu zituzten, baina Miamikoa izan zen beti garrantzitsuena.

Garai horretan, asaldurak bizi zuen Miami: droga guztia bertatik sartzen zen AEBra, eta dirutza ikaragarriak mugitzen ziren. Kartelek frontoia erabiltzen zuten dirua zuritzeko, eta mafia enpresan sartu zen. World Jai Alairen presidentea hil egin zuten…

Pilotariak egoera horretatik kanpo zeuden erabat, eta ospe aparretan bizi ziren, luxuak inguratuta: frontoia mukuru betetzen zen eguna joan eguna etorri, eta zinemako eta kirol munduko izar askok ezagutu nahi izaten zituzten pilotariok. 16 urterekin Markinatik, Durangotik eta horrelako herrietatik ateratzen ziren umeentzat, zerua izan behar zen hori.

Egia esan, jende askok entzun du Floridan pilotan jokatzen zela, baina inor gutxik daki benetan zer gertatu zen han. Istorio ikaragarria da.

jai alai blues

Zergatik agertzen dira dokumentalean ikus ditzakegun pilotari, artekari eta bestelakoak, eta ez beste batzuk? Nola aukeratu zenituzten?

Pertsonaiak bilatzeko lan eskerga egin dugu, baita artxiboan, hemerotekan eta, oro har, dokumentazio mailan. Produkzioaren lehen urtean, horretan jardun genuen.

Gainera, Eusko Jaurlaritzak gidoia garatzeko emaniko diru laguntzari esker, hemendik hona ibili ahal izan gara pertsonaiak bilatzeko denbora nahikoa hartuta.

Azkenean, hautu bakoitzaren atzean arrazoi asko daude: dena delako pertsonaiak ondo adierazten duen esan nahi duena, haren inguruan zer material dagoen artxiboan, zer kontakizun dituen…

Nire ustez, nahiz eta oso dokumental korala den eta pertsonaiek garapen handirik ez duten, pertsonaien pisua lehen unetik bertatik igartzen da lanean.

Zer paper jokatu zuten pilotariek urte arrakastatsu horietan, negozioan? Loraldiaren irabaziak heldu zitzaizkien edo peoi hutsak ziren etekin handiak uzten zituzten partidetan?

AEBko frontoietan ez zituzten pilotariak batere kontuan hartzen. Publikoari hau eskaintzen zioten: “Etorri, afaldu, egin apustu eta irabazi”. Mundu osoko pilotari onenak bazituzten ere, inoiz ez zituzten aipatu ere egiten publikoa erakartzeko. Zaldi edo erbi-txakurren lasterketetakoen antzeko formatua erabiltzen zuten Miamin.

Gainera, izar handiek oso ondo kobratzen zuten, baina ezin zuten ez abokaturik ezta ordezkaririk ere eduki. Pilotari bakoitzak bere kontratua negoziatzen zuen, eta ez zuten sindikaturik ere.

jai alai blues

Zestalarien greba historikoari garrantzi handia ematen diozue. Zer eragin izan zuen lanuzte horrek?

Aipatu berri dizudan egoeraren ondorioz, 1988an pilotariek greba egin zuten, hiru urtez luzatu zena.

Ondorioz, irabaziak % 50 edo 70 murriztu ziren, baina, gainera, garai horretan apustuen mundua aldatu zuten beste gertakizun batzuk izan ziren: futbol, beisbol eta hockeyko talde berriak Miamira heldu ziren… Halaber, Simulcast, kirolen, lasterketen eta abarren emankizun bateratua, asko zabaldu zen, eta, hartara, ordurako jendeak ez zuen frontoira joan beharrik apustu egiteko.

Soka horrenbeste tenkatu zen, pilotariak jokatzera itzuli zirenean ez zegoen zereginik instalazio erraldoi horiek betetzeko.

Nola dago zesta-punta Ameriketan gaur egun?

AEBn gauzak oso zail daude. Frontoiek funtzionatzen jarraitzen dute, baina enpresek horri esker kasinoetan erabiltzeko apustu-lizentzia lortzen dutelako da batik bat. Legea aldatzen dutenean, dudak izango dira nagusi.

Jai Alai Floridako ondare historikoaren zati bat izan beharko litzateke; izan ere, 100 urteko historia du atzean.

Dena dela, zesta-puntaren etorkizunaren giltza Euskal Herrian daukagula esan nahiko nuke. Hemen dauka hazteko aukera.

Azken bi urteetan, publiko andana bat joan da udako jaialdietara, Iparraldean zein Hegoaldean. Gernika Jai Alai enpresa berria txapelketak antolatzen hasi da, eta arrakasta handia izan du, Gernikako frontoi handian, esaterako.

Enpresek bere jarduna koordinatzea eta hedabideek zesta babestea bakarrik falta da, behingoz aurrera egiteko.

Gainera, jokoaren maila 70eko hamarkadakoa bezain ona da egun. Jokalari bikainak daude oraindik, eta zesta-puntako eskolek lanean jarraitzen dute Euskal Herriko herri askotan.

Berriz ere joan zarete Atlantikoaz haraindi, “Amerikanuak” zuen aurreko lanean bezala. Zer alde eta zer ezberdintasun daude lan horren eta “Jai Alai Blues”en artean?

“Amerikanuak” esperientzia baten emaitza izan zen. Orduan, gure kasa joan ginen Elko Nevadako herrira, eta eguna gehienbat taberna zuloan sartuta pasatzen zuen lagun talde batekin bizi izan ginen bertan.º

Dokumentala esperientzia horretatik atera zen, aurretiaz gidoi finkorik idatzi gabe.

Oraingoan, bagenekien oso bestelakoa izango zela. Horregatik, hasiera-hasieratik, errotik ezberdina izango zen zerbait egin nahi nuen. Gidoi oso landu batekin proiektua aurrera ateratzeko gai ote ginen ikusi nahi genuen: eduki asko, elkarrizketak, dokumentazioa…

Gainera, ikusle moduan ere, zinez ditut atsegin gisa honetako dokumentalak.

Zer bide aurreikusten diozue “Jai Alai Blues”i hemendik aurrera? Non estreinatuko da?

“Jai Alai Blues” Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Gernikako aretoetan estreinatuko da gaur. Arrakasta handia da guretzat, dokumentala dela jakinda, eta Atera Films Donostiako ekoiztetxeari eskertu behar diogu.

Hiriburuetan estreinatu eta gero, pelikula Euskal Herriko beste herri askotan ikusi ahal izango da aurten eta datorren urtean.

Gainera, oraindik ez dugu ezer itxi, baina hainbat zinemalditan ere egon nahi dugu. AEBko, Mexikoko eta Frantziako batzuek interesa erakutsi dute dagoeneko. Ea zorterik badaukagun!