Itxi

Zinema

Omenaldia

Zinebik Ohorezko Mikeldi sari postumoa emango dio Alex Angulo zenari

Erredakzioa

Banaketa ekitaldia jaialdiaren amaiera galan izango da, azaroaren 21ean, Arriaga Antzokian. “Antzezle paregabea eta gizon bikaina” zela nabarmendu dute Zinebiren antolatzaileek.

Azaroaren 14tik 21era 56. edizioa egingo du Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak, Zinebik, eta hil ondorengo Ohorezko Mikeldia emango diote Alex Angulo antzezlea zenari.

Saria 56. Zinebiren amaiera ekitaldian banatuko dute, ohikoa denez, Bilboko Arriaga Antzokiko agertoki nagusian. Mayda Zabala emazteak eta Dodó alabak jasoko dute golardoa.

1953an jaio zen Álex Angulo, Erandion, eta oso gaztetatik ahalegindu zen antzezle izateko zuen borondate irmoa errealitate bilakatzen. 1981ean egin zuen lehenengo lana Imanol Uriberen eskutik, Segoviako ihesa filmean. 80ko hamarkadan, ETBko hainbat programatan hartu zuen parte, baina hurrengo hamarkadan finkatu zen antzeztaldeko aktore gisa. Garai hartako arrakasten artean, Todo por la pasta eta Goya sarietarako lehenengo izendapena ekarri zion El Día de la Bestia (1995) aipa daitezke.

Egin dituen lan azpimarragarrien artean, A mi madre le gustan las mujeres (2002), El laberinto del fauno (2006) eta Goya sariak irabazteko hirugarren izendapena ekarri zion El gran Vázquez aipa daitezke. Joan den uztailean, Gaizka Urresti zinemagilearen esanetara Bendita calamidad film luzea egiten ari zela, auto-istripu batean hil zen, lanera zihoala.

Jaialdiak inoiz eman duen hil ondorengo lehen Ohorezko Mikeldi honekin, Zinebik bere maitasuna helarazi nahi dio eta haren oroimena betiko gorde eta zabaldu nahi du.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Zinebi