Itxi

Zinema

Heriotza

Shirley Temple aktorea hil da, 85 urte zituela

Erredakzioa

30eko hamarkadan AEBetako ile kizkurdun zinema izar gaztetxoa izan zena familiak inguratuta hil da, Kalifornian.

  • Shirley Temple. Argazkia: Efe.

    Shirley Temple. Argazkia: Efe.

Shirley Temple aktore eta AEBetako diplomaziako ordezkaria hil da, Kalifornian, 85 urte zituela, estatubatuar hedabideen arabera, berez.

Aktorea Bright Eyes, The Little Princess, Stand Up and Cheer eta Curly Top filmei esker egin zen ezagun 30eko eta 40ko hamarkadan, eta etxean hil zen, astelehen honetan, inguruan senideak eta lagunak zituela, familiak ohar batean adierazi duenez.

Temple "haur miragarria" izan zen AEBetan. Ospe handia hartu zuen 30 eta 40ko hamarkada grisetan herrialde horretan, besteak beste David Butler, Walter Lang eta John Ford zinemagileek egindako pelikulei esker.

"Diplomazialari gisa eta aktore gisa izan duen bizitza arrakastasuagatik gogoratu nahi dugu... ama, amama eta birramama maitea", esan du familiak.

"Ume miragarri" izatetik, AEBetako diplomaziara

AEBetako beheraldian, 30eko eta 40ko hamarkadan, kantari eta dantzari aritu zen Shirley Temple, Fox enpresaren ikurra, urre koloreko kiribilak buruan... Hollywoodeko lehen izar gazteetakoa izan zen Temple, baita dirua egiteko baliabide ikaragarria ere.

Haren mugimenduek eta irribarreak zale asko egin zituen herrialde osoan: 16.000 eskutitz jasotzen zituen astean, batez beste. Gainera, Fox estudio porrotetik ateratzeko balio izan zuten.

Baina Shriley Templeren bizitza pantailatik kanpo irten zen. 20 urte zituela, aktore lanak utzi eta diplomazian murgildu zen buru belarri. Besteak beste, Etxe Zuriko protokoloaren ardura nagusia izan zuen lehen emakumea izan zen.

Horren aurretik, esan bezala, berebiziko sona bereganatu zuen, eta Dali handiak piztia surrealista bilakatu zuen koadro batean. Hollywoodeko Zinema Akademiak Oscar berezia eskaini zion, sei urte zituela, "gaitasun bereziengatik".

60ko hamarkadan Alderdi Errepublikanoan hasi zen, eta, harrezkero, Ghanan, Txekoslovakian izan zen, besteak beste, AEBen ordezkari.

1972an bularreko minbizia gainditu zuen, eta, harrezkero, minbiziaren aurkako borrokan nabarmendu da. Gainera, autobiografia ere idatzi zuen.