Zinema
Heriotza
Philip Seymour Hoffman, agur aktore handi bati
Erredakzioa
Philip Seymour Hoffmanen, "Capote" filmagatik Oscarra irabazi zuen eta AEBetako gaur egungo aktore handienetakoa izan zen gizonaren, gorpua New Yorkeko apartamentu batean topatu dute igande honetan.
-
Phillip Seymour Hoffman. Argazkia: Efe.
Philip Seymour Hoffman aktore handia zinema independentearen ikur izan zen, eta industria alternatiboaren alde egin zuen apustu nagusia. Aktore protagonistaren fokuaren itzaletan lan egin zuen batik bat bere ibilbidean, antzeztaldea bigarren lerrotik aberasten.
Seymour Hoffmanen gorpua apartamentu baten komunean aurkitu zuten, besoan sartuta orratz bat zuela, Poliziak New York Post egunkariari esan dionez. Argitalpen horrek etxean heroina aurkitu zutela ere esan du.
Hoffmanek esana zuen hainbat garaitan drogekin arazoak izan zituela, eta iaz hamar egunez egon zen desintoxikazio klinika batean. Orduan TMZ atariari aitortu zionez, urtebete zeraman pilulak hartzen eta heroina esnifatzen.
David Katz gidoilariak aurkitu zuen Hoffmanen gorpua Greenwich Villageko apartamentu batean, eta berak deitu zien larrialdi zerbitzuei, The Wall Street Journal egunkariak esan duenez.
New Yorkeko Polizia Departamentua heriotzaren nondik norakoak ikertzen ari da, eta oraindik ez dute informaziorik eman.
Bien bitartean, ehunka jarraitzaile aktorearen hilotza aurkitu zuten apartamentuaren aurrean bildu dira, bere belaunaldiko aktore errespetatuenetakoa zenari gorazarre egiten.
Gorpuzkera sendoak, begitarte zabalak, ahots sakonak eta mintzaera eta portaera pertsonalak oso izaera berezia ematen zioten pantailan, eta zuzendari askok eta askok erreparatu zioten horri bere lanetarako aukeratzeko: Coen anaiak, Paul Thomas Anderson, Anthony Minghella, Mike Nichols...
Phillip Seymour Hoffmanek ibilbide mardula osatu zuen, batik bat antzeztaldeko kide bezala, besteak beste pelikula hauetan oinarrituta: "The Big Lebowski" (Joel eta Ethan Coen, 1998), "The Talented Mr. Ripley" eta "Cold Mountain" (Anthony Minghella, 1999 eta 2003), "The 25th Hour" (Spike Lee, 2002), "Charlie Wilson's War" (Mike Nichols, 2007) eta "Before the Devil Knows You're Dead" (Sidney Lumet, 2007).
Hoffmani 2005ean etorri zitzaion onirizpen zabalena, Truman Capote idazlearena egin zuenean: Oscarra, Urrezko Globoa eta kritikarien sari andana bat irabazi zituen.
Baina beste hainbat filmetan bigarren mailako aktore gisa egindakoek iltzatu zuten Hoffman zinemazale askoren gomutan: "Boogie Nights" (1997), "The Big Lebowski" (1998), "Magnolia" (1999), "Happiness" (1998)... Ezinbesteko pieza izan da estatubatuar zinema alternatiboa eraikitzeko.
Oscarra irabazi ez ezik, beste hiru aldiz Oscarra irabazteko hautagai ere izan zen aktorea, film hauei esker: "Charlie Wilson's War" (2007), "Doubt" (2008) eta "The master" (2012).
Halaber, antzerkigintzan jardun da Seymour Hoffman, Broadwayko eszena alternatiboan.