Zinema
Jaialdia
Izarren joan-etorria hasi da Berlinalen
Catherine Deneuve, Sharon Stone, Julie Delpy, Juliette Binoche, Jude Law, Nicolas Cage eta Ethan Hawke izango dira jaialdiko izar gonbidatuak.
-
Berlinale 2013ko prestaketa lanak. Argazkia: EFE
Berlinaleren 63. edizioak gauean irekiko ditu ateak, 400 filmekin, Wong Kai Wairen "The Grandmaster" pelikularekin hasita. Catherine Deneuveren lan berriak amaiera emango dio jaialdiari, eta, tartean, Isabel Coixeten "Ayer no termina nunca" pelikulari tartea egingo diote Panorama sailean.
1936ko Txinatik hasi eta Deneuveren Bretainiako jatetxera bidaiatuko da Berlinaleren 63. edizioa, eta tartean Kanadako urrezko meategiak, gasaren industriak desjabetutako baserritarrak eta Iranen zinema egiteko tematuta dagoen Jafar Panahi, debekatuta izan arren. Wongen lana lehiaketaz kanpo izango da, Txinako maisua epaimahaiaren presidentea baita. Hartzetarako lehian, 19 lan izango dira guztira.
Lehiaketan eta gainerako sailen artean, hainbat izar izango dira: Deneuve, Juliette Binoche, Isabelle Huperte, Matt Damon, Jude Law, Nicolas Cage, Jeremy Irons, Shia LaBeouf, Ethan Hawke...
Steven Soderbergh da Urrezko Hartza eskuratzeko hautagai nagusia; "Side Effects" filmarekin zinemaren mundua albo batera utziko duela iragarri du. Gainera, Gus Van Sant ("Promised Land") eta Danis Tanovic bosniarra (atzerriko pelikula onenaren irabazlea, "En tierra de nadie" pelikulari esker) dira beste hautagaiak. Latinoamerikako ordezkari gisa, Sebastian Lelio ageri da "Gloria" pelikularekin. Paulina Garcia du protagonista, eta Dieter Kosslick jaialdiko zuzendariak aitortu duenez, "esperantzaz beteriko positibismoa" dakar.
Frantziako zinemak leku garrantzitsua izango du alfonbra gorrian: Binochek Camille Claudelen papera hartuko du. Zaharren etxe batean dago, eta Hubert komentu batean. Estatu Batuetako lanei dagokionez, Soderberghekin eta Van Santekin batera, Paul Rudden eta Emile Hirschen "Prince Avalanche" azaltzen dira, eta Fredrik Bonden "The necessary death of Charlie Countryman". Alemaniak ere hainbat lan aurkeztuko ditu, Pia Maraisen "Layla Fourie" eta "Gold", besteak beste, bertako musa garrantzitsuenetariko baten eskutik: Nina Hoss.
Panorama sailean, Joseph Gordon-Levitten "Don Jon's Addiction" da aipagarriena. Aktore eta zuzendari lanak egiten ditu, eta pornoaren "mendekotasuna" du, aurrean munduko gizakirik politena, Scarlett Johansson, izan arren. Rob Epsteinen "Lovelace" ere sail honetan estreinatuko dute. Sharon Stone ohikoa baino zuhurrago ageriko da "Watergate" pelikulako protagonistari buruzko lan batean.