Itxi

Oscarrak 2024

Euskal zinema

'Loreak' Oscarretan lehiatzeko bidetik at geratu da

Agentziak | Erredakzioa

Hala, euskaraz filmatutako lana saria jasotzeko lehiatik kanpo geratu da. Espainiako Akademiak atzerriko film onenaren Oscarrerako hautagaia izateko aukeratu zuen.

1:27
Loreak

'Loreak' euskaraz filmatutako lana Oscar saria jasotzeko lehiatik at geratu da, Hollywoodeko Akademiak agiri baten bidez jakitera eman duenez. Espainiako Akademiak atzerriko film onenaren hautagaia izateko aukeratu zuen, eta Hollywoodek bederatzi aukeratu ditu hautagai guztien artean, baina Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren lana ez dago horien tartean.

Horrela, lehian zeuden 80 filmen artean, Jaco Van Dormaelen 'Le tout Nouveau Testament' (Belgika), Ciro Guerraren 'El abrazo de la serpiente' (Kolonbia), Tobias Lindholmen 'A war' (Danimarka) eta Klaus Härören 'Miekkailija' (Finlandia) obrek egin dute aurrera.

Horiekin batera, Deniz Gamze Ergüvenen 'Mustang' (Frantzia), Giulio Ricciarelliren 'Im Labyrinth des Schweigens' (Alemania), Laszlo Nemesen 'Saul fia' (Hungaria), Paddy Breathnachen 'Viva' (Irlanda) eta Naji Abu Nowarren 'Theeb' (Jordania) sailkatu dira.

Hala ere, horietako bost bakarrik helduko dira finalera. Urtarrilaren 8a eta 10a bitartean aukeratuko dituzte, eta urtarrilaren 14an, Beverly Hillseko Samuel Goldwyn antzokian, iragarriko dute zein diren atzerriko film onenaren Oscar saria jasotzeko hautagaiak.