Itxi

Oscarrak 2024

Glamourra

Charlize Theron eta Jessica Chastain, Oscarretako dotoreenak

A. A.

Distira gehiegi izan da aurtengo Oscarretako alfonbra gorrian. Emakumezko aktore dotoreenak jantzi soilak eraman dituztenak izan dira. Anne Hathawayren Prada soinekoa izan da ezusteko handiena.

3:10

Oscarretako alfonbra gorrian, jantzi soilak aukeratu dituzten aktoreak izan dira garaile; distira gehiegi zutenak, berriz, aurtengo porrot handienak izan dira. Charlize Theron eta Jessica Chastain izan dira dotoreenak, eta Anne Hathawayk ezusteko nagusia eman du, Pradaren diseinu batekin.

Ralph Simmonsek Dior etxearentzat diseinatutako soineko zuri bat aukeratu du Charlize Theronek. Etxe bereko jantzia hautatu du Jennifer Lawrencek; zeta zurizko soinekoa dotorea zen arren, handiegia zirudien aktorearen gorputz argalerako.

Jessica Chastain ere gaueko dotoreenetako bat izan da. Sare sozialetan, Gauerdi eta erdiak filmeko protagonistaren soinekoa gairik aipatuenetako bat izan da. Kobre koloreko soineko bat jantzi du Chastainek, Armani etxekoa. Aktorearen hitzetan, bere ilearen kolorearekin bat zetorren.

Amy Adamsen soinekoa ere gaueko politenetako bat izan da. Oscar de la Renta diseinatzailearen jantzia tul grisezkoa zen. Aktoreak berak esan duenez, kontuz ibili behar izan du dardarekin.

Jennifer Anistonek, Jennifer Garnerrek eta Reese Witherspoonek apustu ziurra egin dute. Lehenengoak Valentinoren soineko gorri klasiko bat aukeratu du. "Printzesa bat naizela iruditzen zait", azaldu du. Garnerrek Gucciren diseinu more bat, eta Witherspoonek Louis Vuittonen soineko urdin bat jantzi dute soinean.

Distira gehiegi

Soineko distiratsuak aukeratzea izan da aktore askoren akatsa. Anne Hathawayk soineko ikusgarriak jantzi ditu azken asteetan banatu diren sarietako ekitaldietan, baina gaurkoan ez du asmatu. Pradaren zetazko soinekoak ez du aktorearen edertasuna nabarmendu. Twitterren ere, askok hartu dute hizpide soinekoak Hathawayren bularrari ematen zion forma.

Hala ere, aurtengo soineko itsusienetako bat Nicole Kidmanena izan da. Grisak, beltzak eta urre kolorekoak ziren lentejuelaz jositako soinekoarekin, bat baino gehiago itsutu du australiarrak.

Catherine Zeta-Jonesen eta Renee Zellwegerren soinekoak ere itsusienen artean izan dira. Biek urre kolorea hautatu dute. Zeta-Jonesek tiradun soineko bat jantzi du, eta Zellwegerrek Carolina Herreraren diseinu estu bat. Alfonbra gorrian zeudenek oscarrarekin, estatuatxoarekin, ere nahasi dute aktorea.

Epel

Halle Berryk eta Naomi Wattsek ere lentejuelazko soinekoak aukeratu dituzte.

Berryk marradun versace bat jantzi du. Donatellari "bond neska" bat izan nahi zuela esan ziola azaldu du aktoreak. Wattsen soinekoari dagokionez, zilar koloreko diseinuaren akatsik handiena eskote asimetrikoa izan da.

Adelek bere estiloko soineko beltz luze bat jantzi du. "15 kilo pisatzen ditu", esan du britainiarrak.

Quvenzhane Wallis hautagai gaztearentzat aukeratu duten soineko urdinak aktorearen gaztetasuna itzaltzen zuen. Hala ere, Wallisek txakur itxurako poltsa bat eraman du, honezkero ospetsu egin diren horietakoa, eta jantziaren barruan zegoen haurra ikusi ahal izan dugu horrela.

Aipamen berezia merezi du Kristen Stewartek. Soineko trakets bat jantzita eta lorik egin izan ez balu bezala agertu da aktorea alfonbra gorrian.