Itxi

kultura

Jardunaldiak

Bideojokoen hiriburu bihurtuko da Bilbo 'Fun & Serious' jardunaldietan

Azaroaren 26tik abenduaren 2ra, hitzaldiak, tailerrak eta hainbat ekitaldi izango dira Bizkaiko hiriburuan. Gainera, urteko sari onenak sarituko dituzte, sail ezberdinetan.

  • 'Fun & Serious' jardunaldien aurkezpena. Argazkia: EITB

    'Fun & Serious' jardunaldien aurkezpena. Argazkia: EITB

Azaroaren 26ik abenduaren 2ra Bilbora begira jarriko da bideojokoen mundua, Fun&Serios Game Festivalekin. Produktu horien ekoizle, artista eta garatzaileen lana saritu nahi dute, ikuspegi serioan zein aisiari lotutakoan.

Alfonso Gomez da zuzendaria eta prentsa aurrean esan duenez, "sektorean dauden aurreiritziak apurtu nahi ditugu, industriari merezi duen onespena emateko". Xabier Sabalza Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza zuzendaria ere bertan izan da eta esan duenez, "azken urteotan, bideojokoen industriak zinemarenak eta musikarenak baino fakturazio gehiago  izan du".

Bizkaiko Foru Aldundiak lau milioi euro eman dizkie enpresa berritzaileei 'Bizkaia Sortzailea' ekimenaren bitartez, "2015erako 50 enpresa egitasmo berri sortzeko".

Zazpi egunetan, hainbat ekitaldi izango dira Bilboko Euskalduna Jauregian, Guggenheim museoan, AlhondigaBilbaon eta Campos Eliseos Antzokian. Joku serio eta sormenari buruzko hitzaldiak izango dira, hau da, aplikazioen erabilera ludikoari buruz. Hizlarien artean Rod Nelson izango da, Lotus F1 Teameko ingeniari nagusia, Fernando Alonso Renaulten zegoeneko pista ingeniaria izandakoa.

Azaroaren 29an izango da jardunaldietako egun garrantzitsuena. Gala berezia egingo dute Campos Eliseos Antzokian eta "Journey", "Bordelands 2", "Dishonored", "Halo 4", eta "Assasin's Creed 3" bideojokoen egileak izango dira bertan. Urteko bideojoko onenen sariak eskainiko dituzte.

Charles Cecilek hitzaldia eskainiko du 'Fun & Serious' jardunaldietan. "Broken Sword" frankizia ezagunaren egilea da eta bere ibilbide profesionala izango da hizpide, eta egitasmoen finantziazioa bilatzeko mezenasgoaren bidea irekiko du.

Talentu gazteek ere hitzaldiak eskainiko dituzte, baita inbertsioei buruzkoak, saskibaloiaren eta bideojokoen arteko erlazioari buruzkoak, etab. Bideojokoak erosteko eta modu osasuntsuan erabiltzeko tailerrak ere izango dira, txapelketak, jokoen gunea eta mahai-inguruak.

Azkenik, Fun&Serious Game Festivalen baitan, hóPlay ekimena izango da AlhóndigaBilbaon. Sormen eta berrikuntza sariak emango dituzte, mundu osotik heldutako 15 proposameni eta 2012ko Euskal Herriko bideojoko onena sarituko dute.