kultura
Mostraren 80. edizioa
Veneziako Zinema Jaialdia abian, Hollywoodeko gidoilarien eta aktoreen grebak ilunduta
EITB Media
Gaur hasi eta irailaren 9ra arte, zuzendari handien hainbat film izango dira ikusgai Veneziako Lidoan. Tartean daude David Fincher, Sophia Coppola, Woody Allen, J.A. Bayona edo Michael Mannen azkenak. Jaialdiaren zuzendariaren arabera, "izar nahikoa" izango dituzte alfonbra gorritik ibiltzeko.
-
Langile bat, prestaketa lanetan. Argazkia: EFE
Azken hamarkadan, Hollywoodeko izarrek Europan zuten erakusleiho gogokoenetako bat bilakatu da Veneziako Zinema Jaialdia. Mostrak gaur ekin dio bere 80. edizioari, eta AEBko gidoilari eta aktoreen grebaren eraginpean egin beharko du aurtengoa, protestak alfonbra gorriaren ikuskizuna ilunduko duen beldur.
Hollywooden arrastoa gorabehera, Alberto Barbera jaialdiaren zuzendari artistikoak "zinema handia" erakutsiko dutela agindu du, udazkenerako espero diren titulu handi batzuk ikusgai izango direla nabarmenduta. "Egungo egoeraren 360 graduko ikuspegia eskainiko dugu. Sona handiko jaialdi bati buruz denek espero dutenaren eta zinema emergentearen miaketa lan baten arteko oreka bilatuko dugu", esan du.
Grebak izango duen eraginaz galdetuta, Barberak esan du "apala" izango dela, eta "nahikoa izar" izango dituztela. Jaialdian estreinatzekoak ziren AEBko pelikulen artean, bakarra utzi dute bertan behera: Luca Guadagninoren Challengers, Zendaya aktore gaztea protagonista duena. Jaialdia zinta horrekin zabaldu behar zuten, baina ekoiztetxeak apirilera atzeratu du.
"Gainerako titulu guztiak baieztatuta daude. Ezberdintasun bakarra dago: aktore batzuk ez dira etorriko. Greban dauden estudioetakoek ezin dute parte hartu, eta, beraz, ez ditugu alfonbra gorrian ikusiko, baina zuzendari guztiak egongo dira", azaldu du.
Baieztatutakoak
Hala, besteak beste, Sofia Coppola ikusiko dugu Veneziako Lidoan. Elvisen emaztearen inguruko biotica eramango du (Priscilla), aktoreak ondoan dituela, Jacob Elordi tartean.
Adam Driver eta Penelope Cruz ere dira bertan egotekoak, Michel Mannen Ferrari pelikulako protagonistak baitira. Pablo Larrain Txileko zuzendariaren El Conde eta Michel Franco mexikarraren Memory ere erakutsiko dituzte, Jessica Chastain aktore nagusia Venezian dela.
Joango ez direnen artean, nabarmentzeko moduko bi: Bradley Cooper Maestro lanaren zuzendari eta aktorea, eta Emma Stone, Yorgos Lanthimosen Poor things filmeko protagonista.
Europako eta Hego Amerikako ekoizpenak ere izango dira, eta horrenbestez, bertako izarrak izango dira nagusi, hauek tartean: Mads Mikkelsen (Bastarden, Nikolaj Arcelena), Lea Seydoux (La Bête, Bertrand Bonello zuzendariarena) eta Lily James eta Willem Dafoe (Finalmente l'alba, Saverio Constanzoena). Halaber, Luc Bessoen azken filmeko (Dogman) Caleb Landry Jones aktorea ere ikusiko dugu alfonbratik.
Euskal zinemak ere tartea izango du Veneziako Mostran, Victor Iriarteren lehen filma, Sobre todo la noche, estreinatuko baitute larunbatean Giornate degli Autori atalean.
Hiru aste barru da hastekoa Donostiako Zinemaldia, eta, hala, Veneziakoa proba gisa har daiteke.